indarkeria matxista

Estibaliz Angulo

Mañueta, 2008ko abuztuaren 15a.

2008ko abuztuaren 15a
05:00
Entzun

Herri txikia da Mañueta, Arabako Errioxan. Elkar ezagutzen dute herritarrek. Baina etxe barruan gertatzen dena ez da beti kalera agertzen. Horregatik, Cristobal Martinez Ortiz de Urbinak bere emaztea hil zuenean, herritar asko harritu ziren. Etxekoak, ez hainbeste. Bazekiten gizonak zer nolako tratua ematen zion emazteari, Estibaliz Angulori. Gizonak mespretxuz, mehatxuz, irainez, kontrolez eta jeloskortasunez bete zuen harremana, eta 2008ko abuztuaren 15ean emaztea hil zuen, labankadaka, etxean bertan. 2008ko abuztuaren 15a zen. 

Bezperan, emaztea ahizparekin egon zen, eta etxera itzuli zenean, «zurekin baino hobeto pasatu dut» esan zion senarrari. Hurrengo goizean hil zuen gizonak emaztea. Kale Nagusian bizi ziren. Bere buruari labankada pare bat ere eman zizkion gizonak. Azkenerako, goizeko hamarrak aldera, gizonak berak alabetako bati deitu zion. 72 urte zituen Estibaliz Angulok; senarrak, 73.

Etxe barrutik kalera agertzen ez diren egia horiek azaleratu ziren Poliziaren ikerketan eta epaiketan. Hiru seme-alaba zituen bikoteak, eta haiek aitaren kontra egindako zigor eskariek ere agerian utzi zuten egoera. 2010eko apirilean epaitu zuten gizona. 

Martinezek aitortu zuen berak hil zuela emaztea, baina hura egin zuenean, ez zegoela bere onean: «Nik labankatu banuen, ez nintzen ni. Konturatu nintzenean, neure buruaz beste egin nahi izan nuen». Epaileak ebatzi zuen gizonak jeloskortasun patologiko bat zuela, tratamendu psikiatrikoa jasotzen zuela horregatik, eta hori aringarri bat zela hilketaren kasuan; nahiz eta epaian bertan azaldu zuen gizonak izaera autoritarioa zuela, emaztea kontrolatzeko joera zuela, mehatxu egiten ziola eta kalera ateratzea mugatzen ziola, baita senideek harremanak mugatu eta gutxitzea eragin ziola emakumeari ere. Adibide gisa, epaiak zioen gizonak egiten zituela etxerako erosketa batzuk, emakumea kalera atera ez zedin. Angulok gutxienez 11 urtez egoera hori jasan zuela ere frogatutzat jo zuen.

Sententzia argia izan zen, alde horretatik: «[Ekintza horiek erakusten dute] Ez bakarrik izaera autoritario bat, baizik eta emakumeak matrimonioan izan behar duen paperari buruzko ideia matxisten patroi bat, eta baita izaera patologiko eta eldarniozkoa duen jelosia sentimendu bat». Edozein moduz, portaera horiek guztiak patologia baten parte zirelakoan, azkenean, zigorra arindu egin zion epaileak, eta zortzi urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigor bat jarri zion. Akusazio publikoak hamazazpi urteko zigorra, eta akusazio partikularrek 23 urtekoa eskatzen zioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.