Euskal Presoak

Estradizio eskaerarik ez badago ere Lander Etxeberria Espainiako poliziaren esku utziko duten "beldur" da Etxerat

Lander Etxeberria preso villabonarrak "Euskal Herrian bizi eta lan egiteko eskubidea" duela aldarrikatu du gaur Etxeratek. Izan ere, Lander Etxeberria Frantzian dago preso, eta ekainaren 19an, bete beharreko zigorra betetzen duenean, estradizio eskaerarik ez badago ere Etxeberria Espainiako poliziaren esku utziko duten "beldur" dira. Etxeberria maiatzaren 31z geroztik gose greba mugagabean dagoela azpimarratu dute "bere egoera salatzeko".

2004ko ekainaren 11
17:00
Entzun
2001ean atxilotu eta 2002an epaitu zuen Lander Etxeberria Frantziako Justiziak. Orduan, lau urteko espetxe zigorra eta Frantzian bizitzeko debekua ezarri zizkioten Etxeberriari, Etxeratek azaldu duenez. Lau urte horietan kartzela asko ezagutzeaz gain, gaixotasun "latz" bat ere pasa zuela azaldu du Etxeratek.

Ekainaren 29an bere espetxe zigorra beteko du Etxeberriak, eta "aske utzi beharko balute ere, kanporatu eta Espainiako poliziaren esku" utziko dutela salatu du Etxeratek. Etxeberria bera gose greban dago orain 12 egunetik, hori ez gertatzeko.

Etxerat "kezkatuta" agertu da "Landerren egoeraren eta espainiar poliziaren esku utzi dezaketenaren aurrean". Izan ere, Etxeraten iritzian "garbi dago espainiar gobernuak Amnesty Internationalek espainiar poliziek euskaldunei eragiten dizkieten torturei buruzko txostenak mespretxatu egiten dituela".

Era berean, Josu Arkauzen kasua gogora ekarri du Etxeratek: "entregatua izan ondoren, atxilotua, akusatua eta espetxeratua izan zen, aislamentu eta tratu txarrekin lortutako deklarazioak kontutan hartuz". Etxeberriarekin berdina gerta daitekeela abisu eman dute.

Torturaren aurka eta Euskal Herrian bizitzeko eskubidearen alde sinadura bilketa egingo dutela iragarri dute.

Mozioa Udalean

Villabonako Udalak lau puntuko mozioa onartu zuen atzo, Lander Etxeberriak "Villabonan bizi eta lan egiteko eskubidea" duela aldarrikatuz.

Mozioan, Etxeberriaren askatasuna eskatzeko konpromezua hartu dute "haren askatasunaren erabakitze mailan eskuduntza duten estamentu guztien aurrean". Udaleko alkateak, ahal dituen gestio guzitak egingo ditu "Bilboko frantses kontsulatuaren aurrean", kanporaketa gauzatzen bada "Landerren osasun fisiko eta mentala bermatua izan dadin". Gainera, Villabonako etxe guztietara bando bat helaraziko dute, Etxeberriaren egoeraren berri emateko. Azkenik, "helburu berberarekin" deitzen diren mobilizazioekin bat egingo du Udalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.