Europako Giza Eskubideen Auzitegiak berretsi egin du gaur EAE-ANVren baliogabetzeari buruz Espainiako Auzitegi Gorenak duela hiru urte emandako epaia.11:15 aldera jakinarazi du ebazpena Estrasburgoko epaitegiak. Honen arabera, ANVren 2007ko hauteskunde zerrendak "iruzurra" ziren eta Gorenak "nahikoa frogatutzat" eman zuen zerrenda haiek Batasuna legez kanpoko alderdi politikoaren oinordeko zirela.
Defentsa lau abokatuek hiru hilabeteko epea dute kasua auzitegiko areto nagusira pasa dezatela eskatzeko.
Auzitegi Gorenak 2007ko udal eta foru hauteskundeetarako ANVren zerrenda erdiak baliorik gabe utzi zituen -udaletako 125 eta herrialdeetako zortzi-, horiek Batasuna legez kanpoko alderdi politikoak manipulatzen zituelakoan. ANVk babes helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, honek atzera bota zuen hori eta alderdiak Europara jo zuen gero, Estrasburgoko epaitegira.
ANVren ustez, Giza Eskubideen Europako Ituneko lau artikulu urratu ziren baliogabetzearekin: adierazpen askatasuna, biltze eta elkartze eskubidea, hauteskunde libreetarako eskubidea eta helegite eraginkor baterako eskubidea. Estrasburgoko epaimahaiko zazpi epaileetatik bostek atzera bota dituzte lehen bi akusazioak, seik hirugarrena eta zazpiek laugarrena.
Halaber, ANVk argudiatu zuen bera ez dela Batasuna, Herri Batasuna eta Euskal Herritarrok alderdien oinordekoa, eta Espainiako Alderdien Legeak 44.4 artikuluak haien oinordeko liratekeen hauteskunde plataformei eragiten diela.
1930ean sortu zen ANV, eta 1978an Herri Batasuna koalizioaren sortzaileetariko bat izan zen. 2003an, Batasuna debekatu zutenean, berriz ere politikara itzultzea erabaki zuen 2007ko udal hauteskundeetarako, eta 190.000 herritarren babesa jaso zuen.
Auzitegi Gorenak 2008ko irailean legez kanpo utzi zuen, ANVk Alderdien Legea errespetatzen ez zuela iritzita. 61. aretoak aho batez onartu zituen Estatuaren abokatuaren eta Fiskaltzaren salaketak. Batasunari laguntza eta sostengu politiko-instituzionala ematea eta lotura finantza-ekonomikoa izatea leporatu zioten.
politika
Estrasburgok berretsi egin du ANVren baliogabetzea, baina ez aho batez
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak dio Espainiako Justiziak "nahikoa frogatutzat" eman zuela ANVren 2007ko hauteskunde zerrendak Batasunaren oinordeko zirela. Bi epaile ez dira ados azaldu. Espainiako Auzitegi Gorenak 2007ko udal eta foru bozetarako alderdi haren 133 zerrenda baliorik gabe utzi zituen. ANVk helegitean zioen Giza Eskubideen Europako Ituneko lau artikulu urratu zirela neurriarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu