PRESOEN SAKABANAKETA

Estrasburgok Errusia zigortu du preso bat milaka kilometrora urruntzeagatik

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du presoari familia bizitza izateko eskubidea urratu ziotela.

Giza Eskubideen Europako Auzitegia, artxiboko irudi batean. PATRICK SEEGER / EFE
jon olano
2018ko uztailaren 4a
06:58
Entzun

Preso bat sorterritik urrun izatearen aurkako beste epai bat eman du asteartean Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Timur Voynovi hamabi urteko espetxe zigorra ezarri zioten 2009an, eta 2010eko apirilaz geroztik Areyskoyen egon da preso, ama eta bikotekidea bizi diren herritik 4.200 kilometrora. Voynovek ez du bikotekidea ikusi 2014az geroztik, eta ez du ezagutzen 4 urteko alaba.

Auzitara jo zuen presoak, eta 2017an arrazoia eman zion Estrasburgok. Orain, erabaki hura berretsi dute epaileek, eta ebatzi Errusiak urratu egin zuela Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren zortzigarren artikulua; alegia, familia bizitza izateko eta intimitaterako eskubidea. Errusiak 6.000 euro ordaindu beharko dizkio Voynovi kalte-ordain gisa, eta beste 850 prozedura judizialaren gastuei aurre egiteko.

Maria Elosegi epaile donostiarrak boto partikularra eman du auzitegiak aintzat hartu beharreko irizpideen inguruan, baina bat dator epaimahaiarekin, eta hark ere uste du Errusiak bizitza pribaturako eskubidea urratu ziola presoari. Aho batez hartu dute erabakia epaileek.

Ez da lehen aldia Estrasburgok Errusia zigortzen duena presoak sorterritik urrun edukitzeagatik; iazko martxoan, esaterako, Elvira Polyakova presoari eman zion arrazoia, eta ebatzi Giza Eskubideen Hitzarmeneko zortzigarren artikulua urratu zuela Errusiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.