Espainiako Justizian egin zezaketen auzibidea agortuta, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten Pasaiako (Gipuzkoa) badiako sarraskian hildakoen senideek eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Udalak, helegite bana aurkeztuta, baina Estrasburgok ez ditu onartu Espainiako Estatuaren kontra aurkeztu zuten salaketa, gaur senideek, abokatuek eta Azpeitiko Udalak jakinarazi dutenez, Azpeitian. Europak dio udala ez dela biktima zuzena, eta, senideen helegitearen kasuan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren argudioen alde egin du eta dio kasua Espainiako Estatukoa dela.
Senideek esan dutenez, "kolpe latza izan da". Baina, Estrasburgoren erabakiaren ostean bide judiziala agortu bada ere, auzia Europako Parlamentura eta NBE Nazio Batuen Erakundera eramateko aukera aztertuko dutela iragarri dute senideek. Hildako baten anaia Pello Aizpuruk adierazi du kasua ezin dela dagoen bezala gelditu, eta esku hartzeko eskatu die Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, biktimei aitortza eman diezaien. "Gure herrian gertatu direnak oroitu eta hortik abiatuta benetako bizikidetza bat eraiki nahi badugu, ezin dugu beste alde batera begiratu Pasaiako badian gertatu zena baztertuz eta ukatuz". Familiek kasua hilketatzat jotzen dute, ez tiroketa gisa. Herritarren babesa eskertu dute.
Sendiak bezala, Konstituzionalera jo zuen Azpeitiko Udalak ere —biktimetako bi azpeitarrak ziren— iazko urtarrilaren 3an, aurretik Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak salaketa artxibatzeko hartutako erabakiaren kontra babes helegitea aurkezteko. Gipuzkoako Auzitegiak ebatzi zuen auzia ixtea, "ez zegoelako zer ikertu".
Senideek esana dutenez, ordea, bada ikerketa abiatzeko nahikoa zantzu, eta gertatutakoa ez ikertzeko "trikimailuak" salatu dituzte. "Hilketa zantzuak daudela aitortu arren, ez dute behar bezala ikertu horiek nortzuk egin zituzten". Auziarekin zerikusia duten Poliziaren txosten batzuk desagerrarazi dituztela ere nabarmendu dute.
Pasaiako badiako segada gisa ezagun diren gertakarietan Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituen Espainiako Poliziak. 1984ko martxoaren 22an izan zen. Gauez. Aurreko egunetan atxilotu eta torturatutako Rosa Jimeno behartu zuten kideekin hitzordua egitera. Lapurditik itsasoz iritsi ziren Pasaiara, 22:30ak inguru, eta tiroka hartu zituen Espainiako Poliziak. Bertan hil zituen Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru azpeitiarrak, eta Rafael Delas eta Jose Maria Izura iruñearrak. Joseba Merino bizirik irten zen, eta hamazazpi urte egin zituen espetxean, hilabete bat lehenago Enrique Casas PSEko kidearen hilketarekin zerikusia izatea egotzita.
Segadaren urteurrenaren harira, elkarretaratzea egingo dute Azpeitian, gaur zortzi (19:30). Ez dugu etsiko, Pasaiako sarraskia argitu lelopean eskatuko dute gertakarien gaineko ikerketa abiatzea. Horrez gain, hilketen 34. urteurrena beteko den egunean, martxoaren 22an, bi orduko geldialdia egingo dute herriko ikastetxeek, eta ikasleek Pasaiako badia dokumentala ikusteko aukera izango dute Sanagustin kulturgunean. 19:00etan, lore eskaintza egingo zaie biktimei, haien omenez ezarritako monolitoan.
Pasaiako hilketei buruzko Pasaiako badia film dokumentala estreinatu zuten iaz Yuri Agirrek, Xabier Otamendik eta Erik Aznalek. BERRIAk papereko egunkariarekin batera banatuko du dokumentala martxoaren 22tik 25era bitartean, bost euroren truke. BERRIAlagunek lau eurotan erosteko aukera izango dute BERRIA dendan.