'BATERAGUNE AUZIA'

Estrasburgoko auzitegiak ebatzi du 'Bateragune auzikoek' ez zutela epaiketa inpartzialik izan

Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epailea ez zela inpartziala izan iritzita, Europako Giza Eskubideen Auzitegira jo zuten Arnaldo Otegik, Rafa Diezek, Sonia Jacintok, Miren Zabaletak eta Arkaitz Rodriguezek. Bostak daude libre, espetxe zigorrak osorik beteta. Otegiren 2021 arteko inhabilitazioa etengabe dago, oraingoz. Goirizelaia: "Epaileak ez badira inpartzialak, epaiak ere ez". Bateragune auziaz Estrasburgoren epaia (ingelesez)

Bateraguneko bostak, Rafa Diez espetxetik irten berritan, iazko abuztuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
jon olano
2018ko azaroaren 6a
07:12
Entzun

Aho batez, Europako Giza Eskubideen Itunaren 6.1 artikulua urratu zela ebatzi du Estrasburgoko auzitegiak. Alegia, bidezko prozesu baterako eskubidea ez zela errespetatu. Hala dio artikulu horrek hasierako zatian: «Pertsona orok du eskubidea bere kausa entzuna izateko modu bidezko eta publikoan, arrazoizko epe batean, auzitegi independente eta inpartzial baten aurrean».

Magistratuek azpimarratu dute inpartzialtasunak "aurreiritzirik eza" izan behar duela oinarrian. Zazpi epailek osatu dute epaimahaia; tartean, Maria Elosegi epaile donostiarrak.

Bateragune auziko zigortuek salatu zuten Espainiako Justiziak inpartzialtasun irizpidea eta haien errugabetasun printzipioa urratu zituela. Angela Murillo Auzitegi Nazionaleko epaileak Otegiri 2010ean -beste epaiketa batean- eginiko galderetan dago Murilloren inpartzialtasunari buruzko zalantzaren funtsa:

- "Zuk irmo gaitzesten al duzu ETAren indarkeria?",  Angela Murillo epaimahaiburuak Arnaldo Otegi auzipetuari.

—"Ez dut erantzungo".

—"Ez didazu erantzungo, ezta? Oso ondo. Banekien. Eseri zaitezke".

2010eko urtarrilaren 27an gertatu zen hori (bideoan 0:24-0:34 tartean), Espainiako Auzitegi Nazionalean. Jose Mari Sagardui Gatza euskal presoaren omenaldian "terrorismoa goratzea" egotzita epaitu zituzten Otegi eta beste bi lagun, eta aurreneko saioan gertatu zen. Defentsak gero argudiatu zuen Murillok Otegirekiko aurreiritziak izan zituela eta, ondorioz, auzipetuaren eskubideak urratu zirela, epailearen inpartzialtasunik ezagatik. Auzitegi Gorenak, 2011ko otsailean defentsari arrazoi eman, eta zigor epaia baliogabetu egin zuen. Murillo baztertu, eta berriro egin zuten epaiketa, Javier Gomez Bermudez zela epaimahaiko presidente, eta absoluzioa jaso zuten auzipetuek. 

2011ko ekainean eta uztailean Bateragune auziko epaiketan ere Murillo izan zen epaimahaiburu. Horretarako izendatu zutenean, 2010eko epaiketan oinarrituta defentsa saiatu zen Murillo izan ez zedin epaimahaiko presidentea, hura errefusatuta, baina ez zuen lortu.

Estrasburgoko auzitegiak, ordea, aintzat hartu du, batetik, Espainiako auzitegiek lehen epaiketa baliogabetu izana, aitortuta Murillo ez zela inpartziala izan; bestetik, magistratuek uste dute Murillok Otegi epaitutako bi aldietan, gaiek lotura zuzena zutela -ETArekiko jarrera-, eta, beraz, ez zuela epaimahaian egon behar: "Epaimahaiburuak aurreiritziak adierazten zituen esapideak erabili izanak (...) argiki bateraezina egiten du bigarren prozedura kriminalean parte hartzearekin".

Kalte-ordainik ez

Epaileek ebazpenean jaso dutenez, Giza Eskubideen Hitzarmenaren 6.1 artikulua urratu izanak kalte-ordainak jasotzeko eskubidea eman ohi du. Auzipetu gehienek ez zutenez horrelakorik eskatu, ordea. Rafa Diezek 40.000 euroko ordaina eskatu zuen, baina epaileek uste dute ez duela behar bezalako justifikaziorik eman. Hortaz, ez dute kalte-ordainik jasoko.

Hala ere, Helen Keller epaileak boto partikularra eman du kalte-ordainen inguruan. Uste du Diezi kalte-ordaina pagatu beharko litzaiokeela.

2009an atxilotu zituzten Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Rafa Diez, Bateragune auzian, beste zenbait kiderekin batera, Baltasar Garzon epailearen aginduz, ETAren gidaritzapean Batasunaren Mahai Nazionala berregitea egotzita. 2011n hasi zen epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta han berretsi zuten akusatuek bide «demokratiko, baketsu eta politikoetan soilik» oinarritu zutela beren lana. Auzitegiak, ordea, hamar urteko espetxe zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi; 8koa, berriz, Rodriguezi, Jacintori eta Zabaletari.

Ondoren, Espainiako Auzitegi Gorenera jo zuten, eta zigorra murriztu zien Otegiri eta Diezi, sei urte eta erdira; sei urtera, berriz, beste hirurei. Otegiren hamar urteko inhabilitazioa, ordea, mantendu egin zuen. Epaiaren kontrako bi boto partikular egon ziren, ordea. Epaiarekin erabat kontrajarria zen bat: Alberto Jorge Barreiro magistratua absoluzioaren alde agertu zen, auzipetuak zigortzeko nahiko froga ez zegoela argudiatuta. Miguel Colmenero Menedezek sinatu zuen beste boto partikularra, eta hark zioen Otegik Auzitegi Nazionaleko epaimahaiaren inpartzialtasuna argudiatuz ipini zuen errekusazioa ontzat eman behar zela eta, beraz, Espainiako Auzitegi Nazionalean errepikatu egin behar zela epaiketa, beste epaimahai batekin.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalera ere jo zuten babesa eskatzeko, baina 2014an Gorenaren erabakia berretsi zuenez, 2015ean jarri zuten helegitea Estrasburgon. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak partzialki onartu zuen tramitera Auzitegi Nazionaleko epailearen inpartzialtasunari buruzko helegitea, eta gaur eman du ebazpena.

Estrasburgok baztertu egin zituen, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren inpartzialtasuna zalantzan jartzen zuten argudioak. Defentsak auzitan jarri zuen Konstituzionaleko bi magistraturen inpartzialtasuna, argudiatuta PPko afliatua zela bat eta ezker abertzalearen aurkako beste epai batzuetan parte hartutakoa zela beste bat. Argudio horiek ezetsi zituen Estrasburgok.

Otegik, Rodriguezek, Jacintok, Zabaletak eta Diezek osorik bete zuten Espainiak ezarritako espetxe zigorra. Otegi eta Diez, ordea, inhabilitazioa betetzen ari dira oraindik —2021eko urtarrilera eta 2019ko urtarrilera artekoa dituztek, hurrenez hurren—. Hain justu, inhabilitazio horrek galarazi zion Otegiri Eusko Legebiltzarreko 2016ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea.

Inhabilitazioa etengabe, oraingoz

Europaren ebazpenak ez du esan nahi Otegiren eta Diezen inhabilitazioa eten egin denik. Otegiren kasuan defentsak babes helegitea aurkeztua du Auzitegi Konstituzionalean, tramitazioan da, eta ikusi beharko da Europaren erabakiak eraginik baduen Konstituzionalaren balorazioan. Bestetik, gaurko ebazpenarekin defentsari aukera bat ireki zaio Gorenean berraztertze helegite bat aurkezteko.

Jone Goirizelaia abokatuak nabarmendu du "pozik" daudela Europaren erabakiarekin, baina esan du sakonago aztertu nahi dutela sententzia, zer egin erabaki ahal izateko. "Epaiak dio bost auzipetuek ez zutela epaiketa inpartzial bat izan. Eta epaileak ez badira inpartzialak izaten, epaiak ere ez. Bostek azken eguneraino bete zuten kartzela zigorra, eta horrek ez du erreparaziorik".

Otegi, Europako Parlamentuan gaur eta bihar

Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia Europako Parlamentuan egongo da gaur eta bihar, Bruselan, GUE-NGL Europako ezkerreko alderdiak antolatutako jardunaldi batzuetan parte hartzeko. "Ultraeskuina eta faxismoa Europan izaten ari den gorakadari ezkerretik nola aurre egin aztertuko dute jardunaldietan", esan du EH Bilduk, ohar batean. Europako ezkerreko alderdietako hainbat ordezkari izango da jardunaldietan.

Bateragune auziari buruz BERRIA TBk eginiko kronologia

[Youtube]https://youtu.be/PkhgrnN-BrI[/Youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.