Estrasburgori entzuteko eta Martin askatzeko eskatu du Behatokiak

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Frantzia zigortu du, buruko gaixotasuna zuen pertsona bat preso mantentzeagatikPresoari «tratamendu ankerra eta umiliagarria» ematea egotzi dio

Txus Martin askatzea eskatzeko Bilbon egindako elkarretaratze bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
2012ko martxoaren 2a
00:00
Entzun
Gaixotasun mentala zuen pertsona bat preso edukitzeagatik, zigorra jarri dio Frantziari Europako Giza Eskubideen Auzitegiak. Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 3. artikuluan oinarritu da Auzitegia Frantzia zigortzeko, eta «tratamendu ankerra eta umiliagarria» ematea egotzi dio Frantziari, «buruko arazoak dituen pertsona bat kartzelan mantentzeagatik».

Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak epai hori kontuan hartzeko eskatu dio Espainako Gobernuari, eta Txus Martin zein gaixo larri egonagatik preso dituen beste zortzi euskal preso libre uzteko. Izan ere, Behatokiakgogora ekarri du Espainiak ere sinatu eta berretsi zuela Giza Eskubideen Europako Hitzarmena eta, beraz, hari ere badagokiola hitzarmen hori betetzea.

Txus Martin Zaballako espetxean dago, eta arazo eskizo-afektiboa du, deliriozko osagaiekin. Behatokiak gogora ekarri du,gainera, kontrako epai irmorik gabe daukatela preso Martin.Eta salatu du lehendik ere kartzelak «areagotu» egin ziola gaixotasuna, Frantziako espetxeetan zortzi urtean bakartuta eduki zutelako.

Behatokiak gogora ekarri du Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala Txus Martin libre uztearen kontra agertu berri dela, «nahiz eta jakin kartzelan edukitzeak bere egoera okertu baino ez duela egingo». Estrasburgoko epaia kontuan hartuta, Fiskaltzaren jarrera hori «ez da legaltasuna lotzen», Behatokiaren arabera. Larri gaixo dauden pertsonak preso edukitzea, legez kanpokoa ez ezik, «osasun eskubide oinarrizkoen aurkako erasoa» ere badela salatu du, eta haiek aske uzteko exijitu du.

«Toki desegokia»

Auzitegiak epaian dioenez, espetxea «toki ezegokia» da buruko gaixotasun larriak dituzten presoentzat. «Tratamendu espezialitatu faltak, batik bat etengabeko zaintza psikiatriko gabeziak, eta espetxeratze baldintza ezegokiek tratamendu ankerra eta umilagarria osatzen dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.