Eta berriro autoeskolara

Galduriko puntuak berreskuratzera autoeskolara joan behar izaten dute gidariek, eta guztiak galdu dituztenek azterketa ere badute. Azken boladan ikasle gehiago dauzkatela esan dute autoeskolek.

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Gehienak oso jenio txarrean etortzen dira. Eseri, eta esaten dizute: 'Nik 40 urte daramatzat gidabaimenarekin, eta zuk zer esan behar didazu niri?'. Ur hotz baldekada behar izaten dute, eta gero hasten gara eskolak ematen». Galdutako puntuak berreskuratzeko aukera ematen duten autoeskoletako bateko kide da Joxean Bengoetxea, Bengoetxea autoeskolakoa. Milaka gidarik jo dute berriro eskolara, gidabaimena berriro lortzera edo galdutako puntu batzuk berreskuratzera. «Hasieran, kanpainagatik edo, jendeak ez zituen puntu asko galtzen. Azken bi urteotan, berriz, lan dezente ari gara egiten».

Aldea badago puntu batzuk galdu edo guztiak. Borondatezkoa da ikastaroa puntu batzuk galtzean. «Puntu gutxi geratzen zaizkienei komeni zaie halakoak egitea. Sei puntu ematen dituzte ikastaroa eginda, eta, hala, babes bat izan dezakete». Hamabi orduko ikastaro bat egin behar dute horretarako, bi urtean behin gehienez. Dobleko iraupena dute puntu guztiak galdu dituztenentzako ikastaldiek; 24 ordu egin behar dituzte, eta azterketa bat. «Puntuak galtzeko arrazoi nagusia zein izan den, horri buruzkoa izaten da proba». Gidabaimena galdu dutenetik urte erdi itxaron behar dute.

Bideko segurtasunari buruzko gaiak izaten dituzte aztergai ikastaroetan. «Istripuetan zenbat jende hiltzen edo zauritzen den, ezinduta geratzen direnak... Istripuen eragileak banaka-banaka ikusten ditugu», azaldu du Bengoetxeak.

Gidabaimena lortzeko ikastaroen tankerarik ez dute, beraz. «Gaiak azaltzen ditugunean, jendeari iritzia emateko eskatzen diogu. Parte hartzea sustatzen saiatzen gara. Batzuek esaten dute azkar ibili behar dutela, eta beste batzuek, segurtasun uhala tontakeria dela. Saiatzen gara jokaera horiek aldatzen». Gizonak dira ikastaroetara joaten diren gehienak, 40 urteren bueltakoak.

«Pentsaera aldatzea»

Eta probetxuzkoak dira ikastaroak? Mugak badituztela onartu du Bengoetxeak: «Argi daukat 12 orduan ez dela asko sentsibilizatzen pertsona bat, baina ahalegintzen gara pentsaera aldatzen». Hala ere, nabarmendu du puntukako gidabaimenaren eragina, eta datuak jarri ditu horren erakusle.

Gidabaimen berriek ematen dieten adinakoa ez, baina krisi garaian beste diru sarrera bat izateko modua jarri diete horrelako ikastaroek autoeskolei. «Sarrera bat gehiago dira, baina gu gidabaimen berriak ateratzetik bizi gara». Zenbakiak eman ditu: 1.500 bat euro kostatzen da gidabaimena ateratzea; ikastaroak, berriz, 12 ordukoa, 194 euro, eta 24koa, 300. «Horietatik bizitzea ezinezkoa litzateke. Laguntza bat dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.