HEZKUNTZA

"ETA eta haren ingurua" hezkuntzan ez "infiltratzeko" neurriak aztertzen ari da Espainiako Gobernua

Jorge Fernandez Diazek esan du Guardia Zibilak ez duela hezkuntza eredu oso bat zelatatu, baina eskoletan "gorrotoa" sustatzearen kontra jardungo duela gobernuak.

Fernandez Diaz, Espainiako Kongresuan.
jon olano
2013ko abenduaren 11
17:05
Entzun

Nafarroako D ereduko irakasleen inguruan Guardia Zibilak eginiko txostenaren harira, galdera egin dio Espainiako Kongresuan Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroari. Barkosek larritzat jo du agindu judizialik gabe Guardia Zibilak 1.600 irakasle ikertu izana, eta azalpenak eskatu dizkio Fernandez Diazi.

"Guardia Zibilak ez du txostenik egiten hezkuntza eredu zehatz baten inguruan, ETA gizartearen esparru ugaritan barneratzearen inguruan baizik", erantzun dio Fernandez Diazek. Zehaztu du eskoletan "gorrotoa" sustatzearen kontra jardungo duela gobernuak, eta, horren harira, jakinarazi du "ETA eta haren ingurua" hezkuntzan ez "infiltratzeko" zein neurri hartu aztertzen ari dela gobernua. Bideoa: galdera eta erantzuna (EITB):

Duela aste batzuk jakin zen Guardia Zibilak Nafarroako D ereduko 28 ikastetxe ikertu dituela. ETArekin zerikusia izan dezaketen aitzakian, 1.652 maisu-maistra zelatatu dituzte, eta tirabira ugari piztu dira ordutik. Atzo, Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariari galdetu zioten txostenaz; Iribasek D ereduari buruzko ikerketa goraipatu, eta neurriak iragarri zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.