ETA kide berriak biltzen ari dela dio Espainiako Barne ministroak

EAEko hauteskundeak egin baino lehen Fernandez Diazek ez du uste ETAk atentaturik egingo duenik

Erredakzioa
2012ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
«Zuzenbide Estatua ez dago treguan», eta gobernuak «erne» jarraituko du ETAren balizko atentatu baten aurrean, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak adierazi duenez. Fernandez Diazek ohartarazi du ETAk bizirik jarraitzen duela, «klandestinitatean», eta Frantzian kide berriak biltzen ahalegintzen ari dela baina kide berri horiek «geroz eta maila txikiagoa» dutela. Cope irratian egin dioten elkarrizketan, ETAk jardunean jarraitzen duela ziurtatu du Espainiako Barne ministroak. Joan de urriaren 20an ekintza armatuak behin betiko utziko zituela iragarri zuen erakunde armatuak, baina Fernandez Diazek uste du ETAk ez duela erabat baztertu indarkeria eta horregatik ari dela kide berriak bilatzen.

Hala ere, azpimarratu du EAEko hauteskundeen aurretik atentaturik egiteko asmorik ez duela erakunde armatuak, «ez duelako zapuztu nahi ezker abertzalearen hauteskunde estrategia». Fernandez Diazek argi du ETAk indarkeria utzi badu ezker abertzaleak gizartearen «errespetua» irabazi behar duelako eta datorren urteko hauteskundeei begira erakundeetan «zilegitasuna» lortu nahi duelako izan dela. Halaber, «ahul» dagoelako eta ezker abertzaleak hauteskundeetan «arrakasta» izan duelako utzi du ETAk indarkeria, haren ustetan. ETArigeratzen zaion bide bakarra armak uztea eta desegitea dela berretsi du, gisa berean. Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuaren «ibilbide orria» ere norabide beretik doala argitu du, eta ukatu egin du gobernuak ETArekin negoziatzeko asmoa duenik.

Parot doktrinaren aurka hainbat euskal presok jarritako helegiteen inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartu behar duen erabakia ere hizpide izan du Barne ministroak. Gobernuak epaia errespetatu egingo duela esan du, baina gaineratu du ulergarria dela gizartean «alarma eta asaldura» sortzea milaka urteko kartzela zigorrak dituzten etakideak «hamabost urte kartzelan igaro ondoren» aske geratzen badira. Haren ustez, «nazkagarria» da «atentatu larriak» egin dituzten ETAko kideak libre geratzea «baimenei eta espetxe onurei esker». Bestalde, estatuko fiskal nagusi Eduardo Torres-Dulcek ziurtatu du ez diola «agindurik edo doktrinarik» eman Auzitegi Konstituzionaleko fiskaltzari Parot doktrinaren aurkako helegiteen inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.