Alberto Spektorowski HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideak berretsi egin du ETAk bere ibilbideari amaiera emango diola maiatzeko lehenengo asteburuan, "ez bada azken orduko ezustekorik". Atzo, albistea aurreratu zuen EITBk, eta, gaur, informazioa baieztatu du Spektorowskik Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
Spektorowskiren esanetan, ETAren adierazpena "oso argia" izango da, eta "ez dio inori zalantzarik utziko" haren ibilbidearen bukaerari buruz.
Datorren astelehenean, HNTk, Bake Bideak eta Foro Sozialak "ETAren desmobilizazio prozesuari buruzko datu garrantzitsuak" emango dituzte, Baionan, prentsaurreko batean (16:00).
HNTko kideak azaldu duenez, ETAren amaiera Ipar Euskal Herrian irudikatuko da, eta "nazioarteko babesa" izango du. "Guztiontzako egun berezia izango da". Euskal Herriko egoera politikoan aldi berri bat hasiko dela gaineratu du. "Aldi berri batean sartuko gara. Armagabetzearen ondorenaz eta indarkeriaren ondorenaz hitz egiteaz gain, ETAren ondorenaz hitz egiteko moduan izango gara".
ETAren bukaerak eztabaida politikoa ekarriko du, Spektorowskiren iritziz. Haren esanetan, izango da uneari etekin politikoa ateratzeko saiakerarik, "lehia politiko bat dagoelako eta gizartea zenbait gauzatan nahikoa zatituta dagoelako". Hala ere, ez du uste eztabaidarik egon beharko lukeenik, "garrantzitsuena ETA amaitu dela baita".
Behin ETAk bere ibilbideari amaiera jarrita presoen auziari heldu beharko zaiola adierazi du HNTko kideak. "Ez dakit zenbateraino konpondu ahalko den berehala. Hala izango den itxaropena dut".
Dena den, ohartarazi du horretarako Espainiako Estatuaren parte hartzea ezinbestekoa dela. "Lortu nahi den helburuetako bat presoen gerturatzea da. Espainiaren menpe dago hori. Frantzia dagoeneko ari da horretan".
Frantziak ez bezala, Espainiak oraindik norabide horretan urratsik egin ez duen arren, "ETAren desagerpenaren ondoren presoen egoera nabarmen hobetzea" espero duela adierazi du.
Spektorowskik azaldu duenez, ETAren erabakiak helburu du taldearen ibilbideari bukaera ematea eta "moralarekin zerikusia duten adierazpen taktiko eta estrategikoak" amaitzea. "Beste aro batean gaude".
ETAren desmobilizazio prozesuari buruzko "datu garrantzitsuak" jakinaraziko ditu Foro Sozialak datorren astelehenean, prentsaurreko batean.
Erreakzioak
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ez du adierazpenik egin nahi izan ETAren ibilbidearen amaierari buruz. Eusko Legebiltzarreko korridoreetan, kazetarien galderei erantzunez, esaldi bakarra eskaini dio gaiari. "Esan dezala esan behar duena".
Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Elkarbizitza zuzendari Jonan Fernandezek adierazi du ETAren amaiera baieztatuko balitz, "albiste oso ona" litzatekeela, 50 urteko "historia beltz eta izugarri" bati bukaera emango liokeelako. Fernandezek ETAri galdegin dio "argi" hitz egin dezala bere etorkizunari eta iraganari buruz.
Nafarroako Gobernuak ETAren amaierak "behin betikoa, egiazkoa eta aldebakarrekoa" izan behar duela nabarmendu du. Ana Ollo gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, "nafar gizartearen eskari argia" izan da ETAren amaiera "denbora luzeegian". Olloren esanetan, ETAren amaiera ezinbesteko urratsa da bakearen eta elkarbizitzaren bidean aurrera egiteko.
EH Bilduren Nafarroako legebiltzarkide Adolfo Araizek ETAren adierazpena "argia eta behin betikoa" izatea espero du. Elkarbizitzarako "ekarpen eraikitzailea" egin eta autokritika elementuak jaso beharko lituzke, haren iritziz. ETAren erabakiak estatuaren "geldikeria" gainditzeko balio behar du.
ETAk hurrengo asteetan "protagonista" bihurtu nahi du, Elkarrekin Podemoseko bozeramaile Lander Martinezen ustez. Horregatik jakinarazi da haren erabakia adierazpena publiko egin baino egun batzuk lehenago, haren esanetan. Protagonistak, ordea, biktimek izan behar dutela adierazi du. ETAren amaiera "beharrezko urratsa" zela baina "berandu" iritsi dela adierazi du.
Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiaren esanetan ere "berandu dator" ETAren amaiera. Mendiak ETAri ohartarazi dio ez dezala espero bere bukaeraren truke "ordain politikorik" jasotzerik. Adierazpenak "argia" izan behar duela gaineratu du.
"Estatu zuzenbidea garaile" izan dela eta "ETAk bere porrota onartu" duela nabarmendu du Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidenteak. Garaipen hori biktimen ahaleginari esker izan dela nabarmendu du. Alonsok gaineratu du ETAren historia eta haren "ardura" ezin direla desegin.