Milaka mobilizazio egin dira Euskal Herrian azken hamarkadetan euskal preso eta iheslarien eskubideen alde. Atzokoak ere eskubide horiek aldarrikatzea zuen xede, baina, iraganean izandako beste batzuekin alderatuta, berezia izan da. Desberdina. Eta ez soilki aspaldi honetako jendetsuena izan delako. Giroan ere zerbait berezia sumatzen zen, manifestarien begiradetan, irribarreetan, besarkadetan. Ilusioa zegoen. Itxaropena. Eskakizun horiek herritarren artean hain babes zabala dutela ikusteak ematen duen indarra.
Manifestazioa hasi baino berrogei minutu lehenago ere, nekeza zen Bilboko Autonomia kaleko espaloietatik ibiltzea. Hala ere, jendeak umore onez hartzen zituen oztopo eta trabak oro, horiek deialdiaren arrakastaren froga argiak zirela jakin baitzekiten. Aspaldi ikusi gabeko lagun taldeen arteko diosala eta elkarrizketa guztietan, ideia bat errepikatzen zen behin eta berriro: itxura guztien arabera, alimaleko jendetza zen biltzekoa. Bizkai aldean ilbeltza esaten zaio urtarrilari,baina bazirudien aurtengo urtarrila ez zetorrela hain beltz.
Lagun ezagun ugari
Casilla plazaren inguruan biltzen ziren milaka manifestarien artean, lehenengo lagun ezagunak agertzen hasi ziren. Deialdiarekin bat egin zuten alderdi politikoetako ordezkariak, jakina, ugariak ziren: Amaiurreko Xabier Mikel Errekondo eta Iñaki Antiguedad, Alternatibako Oskar Matute, ezker abertzaleko Txelui Moreno, Pernando Barrena eta Tasio Erkizia, Aralarreko Patxi Zabaleta, EAko Pello Urizar eta Maiorga Ramirez eta beste hainbat egon ziren Felix Serrano ikastetxearen ondoan.
Eta, horiekin batera, euskal gizarte, instituzio, hedabide, kultur arlo eta abarreko pertsona ezagun anitz: Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Helena Franco Gipuzkoako Diputazioko Ogasun eta Finantza ahalduna, Iñaki Egaña historialaria, Joseba Tobar ekonomilaria, Askapenako Walter Wendelin, Txerra Bolinaga RIP taldeko bateria jotzaile ohia, Iñigo Iruin eta Iñigo Sancho abokatuak, EHUko irakasle Kepa Korta eta Jose Allende, Maialen Iriarte EITBko kazetaria, Javier Onaindia Bizkaia Irratiko zuzendaria, Joxe Austin Arrieta idazlea, Imanol Lazkano bertsolaria, Carlos Alonso Ekologistak Martxan taldeko abokatua eta abar.
Baina atzerritik ere iritsi ziren euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko eskakizunari babesa ematera. Manifestazioan leku berezia izan zuten Okzitania, Galizia, Sardinia, Korsika, Andaluzia eta beste hainbat herrialdetatik etorritako ordezkariek. Segizio koloretsua osatu zuten nor bere herrialdeko ikurrarekin, eta txalo ugari jaso zituzten manifestazioa abiatu zenean.
Beharbada, Kataluniatik etorritakoa izan zen ordezkaritzarik jendetsuena. Haien artean, bi parlamentari: Joan Tarda ERCk Espainiako Parlamentuan duen ordezkaria, eta Uriel Bertran, Solidaritat Catalana per la Independencia alderdiko ordezkaria Kataluniako Parlamentuan. Azken horrek laburbildu zuen gainerakoek ere pentsatzen zutena: «Mobilizazio ikaragarria da hau. Euskal herritar guztien eskubideak defendatzera etorri gara hona, presoenak ere bai. Presazkoa da indarrean dagoen espetxe politika aldatzea».
Eta lagun ezagun horiekin batera, beste milaka eta milaka herritar, familiak, lagun koadrilak, adin guztietakoak, Euskal Herriko herrialde guztietatik Bilbora iritsitakoak, eta kanpotik etorritakoak ere ez gutxi. Guztien begiradetan, poza manifestazioaren arrakastagatik, eta itxaropena, arrakasta horrek egoera aldarazten hasteko balio dezakeelakoan. «Ea apurka-apurka zerbait egiten dugun», zioen Aulestitik (Bizkaia) etorritako lagun batek. Larrabetzuko (Bizkaia) koadrila batek, berriz, duda egiten zuen herrian inor geratu ote zen, hainbeste jende ikusita.
Manifestazioa abiatu eta gutxira, erabat blokatu zen Autonomia kale osoa Zabalbururaino. Une askotan, jende ugari ez aurrera eta ez atzera gelditu zen, mugitu ezinik ia. Baina ez horrek, ezta Ertzaintzaren helikopteroaren burrunba etengabeak, zapuztu zuen manifestari gehienen umore ona.
Emozioa borborka
Bilboko udaletxera iritsitakoan, emozio handiko uneak egon ziren, batez ere euskal presoen senideak udaletxeko eskaileretan kokatu zirenean. Ekitaldi politikoa noiz hasiko zain zeudela, «Zai dago ama, zai aita» leloa kantatzen hasi zen jendetza, eta senide askoren begietan distira berezia nabaritzen zen.
Alaia Martinen bertsoek ireki zuten ekitaldi politikoa. Maitasunez eta esperantzaz beteriko bertsoak izan ziren, baina tinkotasun handikoak ere: «Aresek nahi ez badu ere» amnistia lortu egingo dela baieztatu zuen.
Oraindik gelditzen zen azken ezusteko bat arratsari akabera egokia emateko. Fermin Muguruza agertokira igo zen, eta soinu txiki, tronboi eta gitarraren laguntzarekin -azken hori Iñigo Muguruza anaiak jo zuen- Negu Gorriak-en garaiko bi abesti kantatu zituen: Gora herriak eta Hator hator kantu tradizionalaren bertsioa.
Euskal presoak. Bilboko manifestazioa
Eta negu minean, udaberria
Bilboko manifestazioaren arrakastak hauspotuta, ilusioa eta itxaropena nabarmenak izan ziren manifestarien artean, eta giroa ere berezia izan zen; une hunkigarri ugari egon ziren mobilizazioak iraun zuen bitartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu