Desarmatzeko bidean Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordearekin prozesu bat abiatu duela berretsi du ETAk, Naiz atarian argitaratutako adierazpen batean azaldu duenez. Prozesu hori "bururaino" eramateko asmoz hasi du erakunde armatuak, eta bermatu du "armak, leherkariak eta gailuak erabilera operatibotik kanpo" daudela.
Otsailaren 24ekoa da agiria, eta, bertan, ETAk desarmatze prozesuarekiko "segurtasuna" eman nahi die gizarteari eta nazioarteko komunitateari. Halaber, erakundeak azaldu du "agertoki berria sendotu eta konponbide prozesua elikatu" nahi duela urrats horrekin.
Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen eginkizunetan "fase berri bat" zabaldu dela adierazi du ETAk: adostu dute batzordeak zigilatze prozesua egiaztatzea, finkatutako metodo baten bidez, eta zigilatuko diren arma, leherkari eta gailuen inbentarioa egitea da, zerrenda egiaztatzaileen esku geldituz.
Nolanahi ere, zehaztu du prozesu "konplexua" izango dela eta ez dagoela "ETAren borondatearen edo Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen profesionaltasunaren esku soilik": "Edozein erasok, edozein oztopok zigilatze prozesuaren bideragarritasuna goitik behera baldintza dezake", erantsi du. Horregatik, eragile guztiei dei egin die arduraz jokatzera.