Bake eta konponbide prozesua

ETAk Egiaztatze Batzordea ontzat jo du, eta laguntzeko prest azaldu da

Espainia eta Frantziako gobernuei dei egin die ETAk, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea onartzeko eta konponbidean murgiltzekoAukera hau «bururaino» eramateko nahia adierazi du ETAk agirian

Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, joan den asteazkenean, aurkezpenaren egunean, Bilbon. BERRIA.
Erredakzioa
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
ETAk ontzat eman du Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrera, eta haren zereginean «laguntzeko konpromisoa» hartu du. Horrela jakinarazi du Euskal Herriari zuzendutako eta BERRIA-ri helarazitako agiri baten bidez. Hona hemen hitzez hitz:

«Euskadi Ta Askatasunak, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, aurkeztu berri den Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen sorrera agurtu eta honokoa adierazi nahi du agiri honen bidez:

Kasik hamar hilabete igaro dira ETAk nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko lukeen su-eten orokor eta iraunkorra indarrean jarri zuenetik. Aldebakarreko ekimen harekin Gernikako Adierazpenean marraztutako ibilbidearekin bat egin dugu eta gatazka politikoaren konponbidearekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko dugun konpromiso irmoa adierazi dugu. Orduz geroztik, ETAk konponbide prozesua ahalbidetzeko lanean gogor dihardu, ekimen publikoetan ikusi ahal izan denez eta baita isla publikorik ez duen lan isilaren bidez ere.

Espainia eta Frantziako estatuek, aldiz, oztopoak baino ez dituzte jarri. Errepresio estrategia eta salbuespen neurriek ez dute etenik izan. Euskal herritarren atxiloketa eta tortura basatiak, euroaginduak, espetxe politika kriminala iraunaraztea,eskubide zibilen urraketa edota ezker abertzalearen legez kanporatzeari eustea estrategia horren adibide lazgarriak dira.

Bestalde, Espainia eta Frantziako estatuak ETA gatazkaren konponbidea ahalbidetzeko egiten ari den ahalegina eta horretarako jartzen ari den baliabideak asmo errepresiboekin jazartzen ari direla ohartarazi nahi dugu.

Guztiarekin Espainia eta Frantziako estatuek konponbidea lokazteko eta zangopilatzeko jarrerari eutsi nahi diote, prozesuaren garapenak Euskal Herriari, euskal herritarren hitza eta erabakiari, zabaldu dakizkioken ate berrien beldur.

Egiaztatze batzordearen sorrera bera blokeatu nahi izan zuten, onarpen ofiziala ukatuz. Su-etenaren egiaztatzeak euskal herritarren eta nazioartearen aurrean estatuon aitzakiak gehiago biluztuko dituelako eta errepresioarekin jarraitzea eta konponbidean urratsik ez ematea are ulertezinago egingo dituelako.

Alta, blokeo asmo eta itxikeriaren aurrean aukera eskainiz erantzun du ETAk, onarpen ofizialik izango ez lukeen egiaztatze batzordea ere ontzat emateko prestutasuna adieraziz. Honenbestez:

— ETAk aurkeztu berri den Nazioarteko Egiaztatze Batzordea ontzat ematen du eta konponbide prozesuan urrats garrantzitsutzat jotzen du.

— ETAk Nazioarteko Egiaztatze Batzordea laguntzeko konpromisoa hartzen du.

— Eman den urratsa konponbide prozesuak behar dituen alde anitzeko konpromisoen aurrekaria izan beharko litzatekeela deritzogu. Euskal preso politikoen oinarrizko eskubideen errespetua, ezker abertzalearen jarduera politikoaren errespetua eta atxiloketa eta jazarpenaren amaiera premiazko zereginak dira. Horietan guztietan konpromisoak hartzeak eta konponbideari bere osotasunean ekiteko alde guztien borondateak prozesuan urrats erabakigarri eta atzeraezinak ematera eraman gaitzakete.

— ETAk Espainia eta Frantziako gobernuei dei egiten die, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea onar dezaten eta, oro har, errepresio eta inposizio bideak baztertu eta konponbidean murgil daitezen, besteak beste, Gernikako Akordioan egiten zaizkien eskakizunak betez.

ETAk konpromiso historikoak hartu eta urrats sakonak eman ditu. Horiek eta beste eragile politiko eta sozial asko egiten ari diren ahaleginak Euskal Herrian inoiz ezagutu gabeko aukera zabaltzen ari dira. Aukera bururaino eraman eta Euskal Herrian bake eta askatasun agertoki bat eraikitzea da ETAren nahia».

Euskal Herrian,2011ko irailaren 29an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.