ETArekin esertzeko deia egin dio EAk Madrili

«Irtenbidea eta datu teknikoak» bideratzeko eseri beharra dutela uste du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren ustez, Espainiako Gobernuak ETArekin eseri behar du, gai teknikoei buruz gutxieneko akordio batzuk egiteko, «bestela baliteke nahi dugun amaiera ez iristea». Urizarren iritziz, ETAk «gutxieneko argudio batzuk» behar ditu erretiratzeko, eta Espainiako Gobernuak pausoak eman beharra du. Bake eta konponbide prozesuan bi fase aurreikusten ditu Urizarrek: batetik, normalizazio eta baketzearena eta, bestetik, nazio aitortzarena eta gatazka politikoarena.

Urizarrek azaldu duenez, lehenbailehen iritsi nahi dute egoera normalizatura, non besteak beste jende mehatxaturik ez dagoen, bizkartzainen beharra duen pertsonarik ez dagoen eta senide presoak ikusteko ehunka kilometro egin beharra duen jenderik ez dagoen».

Une batean eragile guztiei pausoak emateko eskatu zitzaiela gogoratu du Pello Urizarrek. «Lehenik, ETAri eskatu zitzaion; pauso batzuk eman ditu eta gehiago eman beharra dauka. Baina, gure ustez, Espainiako Gobernuak ere eman behar ditu, eta oraindik ez du bat ere eman».

ETAren desagerpenari buruz, Urizarrek uste du 40 edo 50 urteko historia duen erakunde batek logikaz gutxieneko argudio batzuk behar dituela erretiratzeko. Urizarren esanetan, ETA ez da egongo inongo mahai politikotan, baina badu «zeregin teknikoa» prozesuan. «Horretarako, beharrezkoa da gobernuarekin esertzea, eta esertzen ez den bitartean eta gutxieneko akordio batzuk egiten ez dituen bitartean, baliteke nahi dugun amaiera ez iristea».

Garaileak eta garaituak egotearen kontra azaldu da EAko idazkari nagusia. Haren ustez, garrantzitsuena indarkeria amaitzea da, «ordain politikorik egon gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.