ETArekin hitz egin dezatela eskatu die EH Bilduk Espainia eta Frantziari

«Konponbidearen eta politikaren ordua» dela erran du koalizioak, ETAren jardun armatuaren amaieraren urteurreneanGaur egungo egoera politikoaren atzean herritarren lana eta nahia dagoela erantsi du

EH Bildu koalizioa osatzen duten alderdietako kideak Iruñean atzo eginiko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
«Hutsik dauden mahaia eta aulkiak betetzeko ordua ailegatu da». Horixe erran du, argi eta garbi, EH Bildu koalizioak Iruñean egindako agerraldian, eta Frantziako eta Espainiako gobernuak deitu ditu, zehazki, mahai horren ingurura, ETArekin hitz egiten has daitezen, desarmeari eta gatazkaren ondorioei buruz.

ETAk jarduera armatua utzi zuenetik urte bat bete zen atzo, eta denbora horretan Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dutela Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzian jasotakoa betetzeko urratsik egin salatu dute EH Bilduko Asun Fernandez de Garaialdek eta Maiorga Ramirezek, koalizioko bertze hainbat kideren aurrean, euskaraz eta gaztelaniaz irakurri duten adierazpenaren bitartez.

Aieteko konferentzian, hain zuzen ere bost puntuko testu bat adostu zuten bilera hartan, parte hartu zuten nazioarteko eta Euskal Herriko eragileek. Lehendabiziko puntuak ETA aipatzen zuen, zuzenean. Jarduera armatua behin betiko uzteko eskatu zioten erakunde armatuari. Erabaki hori Aieteko konferentzia egin etahiru egunera hartu zuen ETAk, iazko urriaren 20an.

Bigarren puntuaren bitartez, Espainiako eta Frantziako agintariei eskaera zehatz bat egin zieten Aieteko bake konferentzian bat egin zuten begiraleek: bi herri horietako gobernuei galdegin zieten gatazkaren ondorioei buruzko elkarrizketa hasteko. Eskaera horri erantzun zion ETAk aurtengo maiatzaren 15ean kaleratutako agiri batean, eta zuzeneko elkarrizketak hasteko ordezkaritza bat izendatua zuela jakinarazi zuen.

«Konponbideak eta bakea lortzeko urratsak egiteko aukera, ordea, alferrik galdu dute bi herri horietako gobernuek», azaldu du EH Bilduk. «Eskatutakoaren kontrakoa egin dute Frantziak eta Espainiak; atxiloketak izan dira azken urtean, torturak; gora egin dute epaiketek, eta, gainera, salbuespenezko neurri judizialei eutsi egin diete». Era berean, alderdiek eta erakundeetako ordezkariek «arduraz» jokatzeko betebeharra dutela erantsi du, hori delako «herritarren agindua».

Kolonbia eta Irlanda

ETAk duela urtebete jarduera armatua uzteko hartu erabakia «historikotzat» jo du koalizioak, eta halakotzat jo ditu, halaber, egunotan Oslon (Norvegia) Kolonbiako gobernuko agintariek eta FARCeko ordezkariek hasi dituzten elkarrizketak. «Negoziazioak hasi dituzte bi aldeek, kolonbiarren gatazkari behin betiko amaiera emateko asmoz. Oso berri garrantzitsua da, eta erabat txalogarria, gainera», erran du EH Bilduk.

Aurretik ere IRAk eta Erresuma Batuko agintariek bide bera egin zutela gogora ekarri du, eta gaineratu du esperientzia horiek erakusten dutela negoziazio mahaiak beharrezkoak direla gatazkak «behin betiko eta justiziaz amaitzeko».

EH Bildu koalizioak ez du inolako zalantzarik horrekin: «Etorkizuneko elkarbizitza eraikitzeko lanari ekin behar diogu; konponbidearen eta politikaren ordua iritsi da».

Gaur egun «beste jokaleku politiko batean» gaudela nabarmendu du koalizioak, «nahiz eta hainbatek horren berri izan nahi ez duten». Eta egoera berri horren atzean «herritarren elkarlana» dagoela erantsi du.

«Euskal Herriak duela hiru urte inguru hasi zuen aldaketa politikoa gauzatzeko prozesua. Horrenbesteko sufrimendua eragin duen gatazkaren ondorioak konpontzeko unea da», nabarmendu du EH Bilduk. Eta helburu hori lortzeko, funtsezkotzat jo du Espainiako eta Frantziako gobernuek elkarrizketa prozesu baten aldeko urratsak egitea. «ETAk eta bi herri horietako gobernuek hitz egiten hasi behar dute, dagozkien gaiak konpontzeko, eta behin betiko ixteko. Alderdiek eta gizartearen ordezkariek ere normalizazioa lortzeko bidea egingo dugu».

Herritarrek hori nahi dutela erran du koalizioa subiranistak, eta hori lortzeko lan egin behar dutela denek, hain zuzen ere. Aieteko nazioarteko bake konferentziak ere «bide hori markatu» zuela gogoratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.