ETAren agiriak prozesua «sendotzen» duela dio ezker abertzaleak

Morenoren arabera, Madrilek ez du menia egiaztatu nahi «indarkeria bakarra harena dela agerian geratuko litzatekeelako»Agiriari buruzko «interpretaziorik ez» egiteko eskatu du Patxi Lopezek

jokin sagarzazu
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
«Konponbide prozesuan aurrera egiteko oinarriak sendotu» ditu ETAk, herenegun kaleratutako agiriaren bitartez. Hala uste du ezker abertzaleak. Komunikabideei igorritako ohar batean adierazi duenez, «heldutasun politiko nabarmena eta ardura handia» erakutsi du ETAk, urtarrilaren 10ean ezagutarazitako konpromisoak berretsi eta horietan sakondu duelako. Aldiz, Espainiako eta Frantziako estatuen jarrera salatu du. «Su-etena batzorde ofizial batek egiazta dezan Espainiako eta Frantziako estatuek duten borondate falta ikusirik, ETAk bere disposizio eta borondatea azaldu du egiaztatzea hirugarren batzuen esku gera dadin, modu horretara erakundeak jada harturiko erabakiak eraginkortzeko xedearekin. Gure iritziz, borondate horrek frogatzen du zalantzan jar ezin daitekeen konpromisoa duela ETAk konponbide politiko eta demokratiko prozesuan aurrera egiteko», azaldu du ezker abertzaleak.

Gara egunkarian herenegun kaleratutako agirian, prozesu demokratikoan sakontzeko konpromisoa agertu du ETAk, eta indarrean den su-etena egiaztatzeko «mekanismo informal» bat onartzeko prest azaldu da.

Alderdi politiko ia guztiek erantzun diote erakunde armatuaren agiriari. Ezker abertzaleak eta EAk agiriaren irakurketa baikorra egin dute. Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren hitzetan, su-etena egiaztatzeko proposamenari Espainiako eta Frantziako estatuek jarritako «betoa» gainditzeko asmoa agertu du ETAk. Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak, berriz, erakunde armatuaren «konpromiso berriak» nabarmendu ditu, eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du. «Madrilek ez du su-etena egiaztatu nahi horrek agerian utziko lukeelako indarkeria bakarra harena dela».

Gainontzeko alderdiek adierazi dute erakunde armatuaren aldetik espero duten mezu bakarra behin betiko amaierarena dela. Hala, Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak adierazi du berak ez duela ulertzen «egiaztatze informalak» zer esan nahi duen; hala ere, nabarmendu du su-etenean sakontzea mezu «garrantzitsua» dela. «Garrantzitsua da jakitea ETAk ez duela atentatuak egiteko asmorik. Egungo garaiaren erakusle da hori».

Jauregiren adierazpen horiek «adierazgarriak» direla esan du ezker abertzaleak bere oharrean. «Estatuari ere gero eta zailago zaio errealitatea ezkutatzea eta blokeoaren lubakian jarraitzea», adierazi du.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Jauregi baino zuhurrago azaldu da, eta dei egin du agiriari buruzko interpretaziorik ez egiteko, hori eginda «ezker abertzalearen aldeko kanpaina» egiten dela iritzita. Ildo beretik mintzatu da Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidentea, eta ETAri leporatu dio «bazterrak nahastea». Antonio Basagoiti EAEko PPren presidenteak, berriz, jeltzaleei eskatu die «ETAren aurkako borrokan gehiago konprometitzeko». «Gaitzespenetik borrokara pasa behar dira», esan du. Alberto Catalan Nafarroako Gobernuko eledunarentzat ere ETAren agiriak ez du «ezer berririk» esaten, eta Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak adierazi du «alde bakarreko erabakirik ez dagoenez» ETAk «entzungor» egin diola «gizarteak eta Gernikako sinatzaileek eskatutakoari».

Nazioarteko taldea

Berri agentziek zabaldu dutenez, Brian Currin abokatu hegoafrikarrak sortutako Nazioarteko Harreman Taldea datozen egunotan bilduko da, Euskal Herritik kanpo, eta azken asteotako gertaerak aztertuko ditu. Bilera horren ostean Euskal Herrian izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.