ETAren amaieraren inguruan egoera «geldirik» dagoela dio Rubalcabak

Bilduk ETArekiko duen jarrera ez dela lehen bezain «zorrotza» adierazi du Rubalcabak, eta orain duena «adeitsuagoa» delaETAren indarkeriaren amaiera lortzeko «azken metroak» egiten ari direla azaldu du

2011ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
ETAren indarkeriaren amaieraren inguruan «gauzak geldirik dauden irudipena» du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako hauteskunde orokorretarako PSOEren presidentegaiak. Hori, haren ustetan, «Bilduk diskurtsoa zerbait aldatu duelako da»; izan ere, «ETAren aurka diskurtso zorrotz samarra agertu zuen, baina diskurtso adeitsuagoa du orain». Ezker abertzalearen ustez, baina, Madrilen nagusitu den «blokeo» jarreraren ondorio da Rubalcabak duen irudipen hori.

Bilduren diskurtso «aldaketa» horrek, hala ere, «ez du aldatzen kontuaren oinarria», azaldu du Rubalcabak. Espainiako Barne ministro izandakoaren iritziz, «ETA dagoen moduan badago, Poliziak bere lana ondo egin duelako da; eta Bildu dagoen moduan badago, Poliziak bere lana ondo egin duelako da». Nolanahi ere, argi utzi nahi izan du Bildurekiko «auzitegi batzuek baino jarrera zorrotzagoa» zuela baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak erabakia hartu zuela eta «ontzat» jo behar dela erabaki hori.

Gainera, «ETAren indarkeriaren amaiera lortzeko azken metroak» egiten ari direla adierazi du, eta «hankarik ez sartzea komeni da azken metroetan», esan du. «Gauzak ondo egiten badira, ETAren amaiera berandu izan baino lasterrago ikusiko dugu», gaineratu du. Hori bai, Rubalcabaren esanetan, hurrengo «urratsa» ETAk egin behar du, indarkeriaren behin betiko amaiera adierazita.

Alderdiak legeztatzearen edo legez kanporatzearen inguruan, berriz, Rubalcabak azaldu du «eskaera oportunistak» daudela; erabaki horiek ez daudelako «gobernuen» eskuetan, baizik eta «auzitegien» esku. Hori dela eta, «arduratuta» dago PPko hainbat kidek esaten dituzten gauzengatik: «Esaterako, Auzitegi Konstituzionala politikoa dela». «Purrustadatzat» jo du Rubalcabak adierazpen hori, eta adierazi du «alderdi demokratiko batek inoiz esan duen gauzarik zentzugabeena» dela.

Horrez gain, «ulergarria» ikusten du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak «indarkeria eta haren ondorioak amaitzeko presa» dagoela pentsatzea; eta gaineratu du «gauzak azkarrago joatea gustatuko» litzaiokeela.

«ETA bizirik dago»

ETAk Espainian atentaturik egin gabe bi urte bete dituenean, PSOEren presidentegaiak honako hau esan du: «Egia da atentaturik ez dela egiten, ez direla estortsio gutunak bidaltzen eta kale erasoak ia erabat desagertu direla, baina ETA bizirik dago».

«Euskal presoek jakin badakite amaieran gaudela, baina armak behin betiko utziko dituela iragarri behar du ETAk. Hori gertatu artean, terrorismoaren aurkako politika eta, ondorioz, kartzela politika ez dira aldatuko», azaldu du. Gainera, esan du «Bilduk ETAri amaitzeko» eskatu behar diola, eta «gauza bat legezkoa» izatea dela eta beste gauza bat «moralki onargarria» izatea.

«Kausa eta ondorioak»

Rubalcabaren adierazpenei erantzunez, ezker abertzaleak ohar batean dio Rubalcabak «kausa eta ondorioak» nahasten dituela Bilduri ETArekiko duen jarrera leporatzean. Ezker abertzalearen ustez, «prozesu demokratikoaren konponbideak euskal gizarteak eragile politikoei eskatutako erritmoan aurrera ez egitearen arrazoi nagusia Madrilen azken hilabete eta urteetan gailendutako blokeo jarreraren ondorioa da». Gainera, azaldu du «jokaleku berria eta ezker abertzalearen urratsak aitortu eta babesten dituela euskal jendarteak, Rubalcabaren gogoz kontra izan arren».

Horregatik, ezker abertzaleak deia egin die PSOE eta PPri «garai berriekiko inposizio eta boikot jarrera albora dezaten eta Euskal Herrian irekitako aterabide prozesuarekiko jarrera proaktibo eta eraikitzailea har dezaten; horretarako, gutxiegitasunaren diskurtso hutsala alboratu, eta legez kanporatzeen eta eskubide urraketa masiboen garaia amaitutzat eman» beharko litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.