ETAren aurkako borrokan elkarlanean jarraituko dute Espainiak eta Frantziak. Urtetan bi gobernuen artean «terrorismoaren aurkako» politikan izan duten bat etortzeari eutsi nahi dioteMariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteak eta François Hollande Frantziakoak. Bi mandatarien arteko lehen bileran, elkarri lagunduko diotela esan dute.
Raxoi eta Hollande Parisen batzartu ziren atzo, Eliseo jauregian. Bi presidenteen arteko lehen hartu-emana izan zen. Hilaren 15ean Frantziako presidente kargua hartu zuenetik, Raxoi izan da Hollandek hartu duen lehen gobernuburua. Bileraren osteko agerraldian,Espainiako presidenteak «eskerrak» eman zizkion Frantziakoari kargua hartu eta gero ETAren aurkako borrokan eskainitako elkarlanagatik. «Hautatua izan eta gero zoriontzeko deitu nion, eta esan zidan Frantziak baliabide guztiak jartzen jarraituko duela terrorismoaren aurkako borrokan», azaldu zuen Raxoik.
Urteotan Frantziako Gobernuak euskal gatazkari dagokionez izan duen politika berari eutsi egingo diola eman zuen aditzera Hollandek joan den astean. ETArekin ez zuela hitz egiteko asmorik eta Espainiak gai horretan hartzen dituen erabaki oro babestuko dituela esan zuen. Atzo, Hollandek adierazi zuenez, bileran «segurtasunari» buruzko arazoa izan zuten mahai gainean, eta datozen hilabeteotan ere bi gobernuen «kezka» nagusietakoa hori izango dela.
Hollanderen adierazpenak Frantziako Barne ministro Manuel Vallesek joan den ostiralean esandakoen bide beretik doaz. Hain justu, Valls datorren asteartean joango da Espainiara, eta Gobernuak «merezitako harrera» egingo diola esan du Raxoik.
ETAren aurka eskainitako elkarlana eskertu dio Raxoik Hollanderi
Parisen bildu dira bi gobernuburuak, eta ETAren aurkako borrokan bat datozela erakutsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu