ETAren bukaerak «baldintza gabea» izan behar duela dio Patxi Lopezek

Aro politiko berria ezker abertzalearen lanaren emaitza barik «Poliziaren eta epaileen lorpena» dela iruditzen zaioETA desagertzeko «lanaldi osoko» beharra egin dezala exijitu dio ezker abertzaleari

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2011ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezen ustetan, ETAk «ez du baldintzarik jarri behar desagertzearen truke». Talde armatuarekin ez dela Sorturen legalizazioaren eta presoen Euskal Herriratzearen inguruko «traturik egin» behar iruditzen zaio. «Bederatziehun hilketa eragin ostean, ETAk euskal gizartearen eskariari jaramon egin eta oraintxe bertan desagertu behar du, behin-betiko», ohartarazi du.

Oporretatik bueltan, kazetarien galderei erantzuteko tartea hartu zuen Lopezek atzo goizean, Bilbon. Berriemailez betetako aretoan Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua zegoen adi-adi entzuten. Besteak beste, gaur egungo egoerara «polizien arteko elkarlanari eta epaileek egindako beharrari esker» iritsi garela azaldu zuen Lopezek.

Giroa bestelakoa dela onartzen du. Hain zuzen ere, «aurrenekoz pluraltasuna eta begikotasuna nagusi diren» uda sasoia bizi dugulako herritarrak zorionduz hasi zuen berbaldia. Kale borroka ekintzarik ez dela jazo nabarmendu zuen horren adibide gisa. Hala ere, ukatu egin nahi izan du ezker abertzaleak hasitako bideak eragin duenik aro aldaketa. «ETA dagoen moduan eta ezker abertzalea dagoen lekuan baldin badaude, gizarteak gogor egin eta ez diotela xantaiarik onartuko ohartarazi dielako gertatu da», zioen. Lehendakariaren irudiko, euskal herritarrek ezker abertzaleari «mezu argia» helarazi diote: «Existitu nahi baduzue, gainontzekoek betetzen dituzten baldintzak bete behar dituzue».

Lopezek ez du ulertzen Bildu erakundeetatik kanporatzeko zentsura mozioek eragindako eztabaida. Auzia zein den zehazterakoan okerra ikusten du. Bere ustetan, arazoa ez da gainontzeko alderdiek adostasunik lor dezaketen edo ez. «Duela hiru hilabete Bildukoa den ahaldun nagusia egotea ekidin genezakeen, eta ez genuen lortu EAJk ez zuelako nahi izan». Lopezek dio, «demokratek» ez dutela arazorik, ezker abertzaleak baizik. «Larria eta kezkagarria» irizten dio, gainera, «gizarteak exijitu diona betetzeko duen ezintasun hori gainontzekoen arazo ere bihurtzea». Zuzenean galdetuta, ez zuen argitu mozioen alde edo aurka dagoen.

Eskaerak gainontzekoentzat

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Kataluniako biktimen inguruan esandakoaz ez du balorazio berririk egin nahi izan. «Lehengoan lanaldi erdiko demokratak deitu nien, eta horri eusten diot». Berak argi du bere egitekoa zein den: «Egunero eskatuko diot ezker abertzaleari ETA desagertzeko lan egin dezala, baina lanaldi osoan».

Eusko Jaurlaritzak dagoeneko prest dauka Bizikidetza eta Bake plana. Oraindik ez die gainontzeko alderdiei edukien berri eman; hortaz, ez du ezer aurreratu nahi izan. Hala ere, mamia zein den azaldu du: «Indarkeria gabeko egoeran, bakean eta bizikidetzan oinarritutako ziklo politiko berria eraikitzeko bakoitzak zer egingo duen esatea izango dafuntsean». Dena den, ekarpenak «askeak eta irekiak» izango direla ohartarazi eta jarraian, baldintzak jarri zituen. Lehendakariak «biktimekiko errespetua eta desberdin pentsatzen dutenak erail direla ahazten ez duen Euskadi eraikitzeko konpromisoa» espero du beste alderdien aldetik.

Jaietan presoen argazkiak agertu izana salatu du. «Erakundeok ez dugu onartuko indarkeriaren proselitismorik», ohartarazi du. Bere ustetan, «demokratei» dagokie orain «gure herrian gertatutakoa kontatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.