EUSKAL HERRIA

ETAren helburuei buruzko informazioa eskatu du epaileak, "genozidioa" egin duen aztertzeko

Ikerketak aurrera eginez gero, 1977az geroztik eginiko hilketak ez lirateke preskribatuko. Gomez Bermudez epaileak ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak ez zuela eskumenik genozidio salaketak aztertzeko, baina eskumen hori aitortu dio bere buruari epaitegiak.

Auzitegi Nazionaleko ataria, Madrilen.
jon olano
2014ko otsailaren 19a
17:49
Entzun

ETAko buruzagi ugariren aurkako kereila batetik abiatuta aitortu dio Espainiako Auzitegi Nazionalak bere buruari ETAren "genozidio" ekintzak ikertzeko eskumena. Auzitegiko Zigor Aretoak auto batean hartu du bere gain eskumen hori, Europa Press agentziak iturri juridikoak aipatuta zabaldu duenez.

Urtarrilaren 29koa da ebazpena. Erabaki horrek atea irekiko lioke 1977. urtetik aurrera ETAk eginiko hilketak ez preskribatzeari. Abuztuan, kereila bat aurkeztu zuten ETAk hildako biktima baten senideek, eraso hura preskribatuta bazegoen ere. Hori hartu du abiapuntu auzitegiak.

ETAko zuzendaritzaren kontra aurkeztu zen kereila, eta, iturri judizial horien arabera, buruzagi nazien kontrako Nurenbergeko epaiketetako doktrina ezar liezaieke ETAko buruei.

Javier Gomez Bermudez Auzitegi Nazionaleko 3. Instrukzio Aretoko epaileak ez zuen tramitera onartu, argudiatuta ez zuela eskumenik genozidio salaketa aztertzeko, baina senideek helegite bat aurkeztu zuten Zigor Aretoan. Orain, epaitegiak preskribatutako auzi horiek ikertzeko eskumena aitortu dio epaileari. Gomez Bermudezek berak erabaki beharko du genozidio salaketa onartzen duen, eta gaur bertan har lezake erabaki hori.

Epaileak txostenak eskatu dizkie Espainiako Poliziari, Guardia Zibilari eta Ertzaintzari, erakunde armatuaren sorrerako "helburuei" eta "ondorengo buruzagiei" buruz. Lorenzo Lasa Mitxelena, Eugenio Etxebeste, Jose Luis Ansola, Francisco Mujika eta Josu Urrutikoetxearen aurkakoa da salaketa, 1977 eta 1983 artean ETAko zuzendaritzako kideak zirelakoan.

Covite, Hagara

Hain zuzen, Covite biktimen elkarteak Hagara jo zuen asteburuan, auzitegiari eskatzeko iker dezala ezker abertzaleak gizateriaren kontrako krimenak egin dituen. Ikertzeko eskatzen duten 11 pertsonak "ETA-Batasuna erakundearen" buruzagi izan direla azaldu zuten txosten batean, eta horiek auzitara eramatea galdegin zion gorteari.

Arnaldo Otegi, Joseba Permach, Pernando Barrena, Josu Urrutikoetxea, Jose Luis Eziolaza, Tomas Elorriaga, Juan Kruz Maiztegi, Eusebio Arzallus, Rafael Santiago, Iratxe Sorzabal eta David Pla dira Coviteren txostenean ageri direnak.

Horiek gizateriaren kontrako krimenak egin dituztela eta horiek ez direla iraungi azaldu zuen Covitek, "gatazka armaturik" izan gabe "biztanleria zibilaren kontrako eraso sistematikoak" egin zituztelakoan.

Genozidioaren definizioaz

Nazioarteko Zigor Gorteak eta Genozidio Delituak Saihestu eta Zigortzeko Konbentzioak definizio bera egiten dute "genozidio" hitzaz. Horien arabera, genozidio dira talde nazional, etniko, arraza edo erlijioso bat partzialki edo osorik suntsitzeko asmoz eginiko honako ekintza hauek: taldeko kideak hiltzea, kideen osotasun fisiko edo psikologikoa zauritzea, taldea desagerrarazteko bizimodua ezarrita menderatzea, taldean jaiotzak saihesteko neurriak hartzea eta taldeko haurrak beste talde batera eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.