HEZKUNTZA

ETAren ibilbidea Historia ikasgaian txertatuko du Eusko Jaurlaritzak

EITBk ekoitzitako ‘Oinatz galduak’ dokumentala emango dute DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarren mailan. Garai historiko horri buruzko “hutsunea” sumatu dute edukietan. Biktimen lekukotasunekin ere jarraituko dute.

DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarrenean txertatuko dituzte edukiak. IDOIA ZABALETA, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 21a
18:21
Entzun

Indarkeriari buruzko eduki gehiago txertatuko ditu ikastetxeetan Eusko Jaurlaritzak. Urteak dira biktimen lekukotasunak eskoletara eramaten ari direla —PSE-EEren gobernua hasi zen horretan, Isabel Zelaa egungo ministroa sailburu zenean—, eta giza eskubideen beste urraketa batzuk jasan dituztenak joateko atea ere zabaldu dute.

Edukietan emango dute hurrengo pausoa, Hezkuntza Sailak eta Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren Idazkaritzak jakinarazi dutenez. Datorren ikasturtean proiektu pilotu bat egingo dute zortzi ikastetxetan, eta “agintaldia amaitzerako” ikastetxe guztietan izango dute ezartzeko aukera.

Proposamena da DBHko laugarren mailan eta Batxilergoko bigarrenean Historia ikasgaian txertatzea indarkeriaren auzia. Batetik, ikuspegi historikoa landuko dute: “ETAren historian izandako mugarri nagusiak” eta “testuinguru soziopolitikoaren bilakaera”. Bestetik, errepaso horri “ikuspegi etikoa” erantsi nahi diote. “Giza eskubideak urratzeak ez du justifikaziorik izan behar”. Jonan Fernandez Bizikidetza idazkariak aitortu du “zeregin konplexua” dela iragan hurbila azaltzea, baina nabarmendu du “beharrezkoa” dela ariketa.

Material didaktikoak atontzen ari dira. Aurreratu dute eduki nagusia EITBk ekoitzitako Oinatz galduak dokumentala izango dela; bost kapitulutan egin zuten 1960tik aurrerako ibilbidearen azterketa, eta eduki horiek laburtu egin dituzte eskoletan emateko. Irakasleentzako argibide koadernoak ere prestatu dituzte. Hiru aholkulari aritu dira taxutze lanetan: Mariano Ferrer, Mari Karmen Garmendia eta Juan Pablo Fussi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.