Guardia Zibileko kide bat tiroka hil dute eta beste bat larri zauritu, gaur goizean Capbretongo merkataritza zentro batean gertatu den tiroketan. Iturri ofizialen arabera,guardia zibil biak ETAren kontrako zaintza operazio batean parte hartzen ari ziren, Frantziako Poliziako eta Espainiako segurtasun indarretako beste zenbait kiderekin batera.
Gaur goizeko bederatzi eta erdiak aldera, Capbretongo kafetegi batean zerbait hartu ondoren beren autoan sartzen ari ziren merkataritza zentro bateko aparkalekuan, bi gizonezkok tiroka eraso dietenean. Aipatutako iturriek agertu dutenez, guardia zibiletako bat, Raul Centeno 24 urteko madrildarra, segituan hil da, eta bestea, Fernando Trapero23 urteko madrildarra oso larri zaurituta geratu da. Baionako Cote Basque erietxean zainketa berezien unitatean dago, eta medikuek emandako azken albisteen arabera, "oso larri baina egonkor" dago. Euskal Herriko mugatik 30 bat kilometrora dago Capbreton.
Ikerketako iturriek arratsaldean jakinarazi dutenez, kafetegi barruan egin dute topo ustezko ETAko kideek eta guardia zibilek, eta elkarrekin hizketan ere aritu dira. Agi denez, orduan ohartu dira etakideak besteak guardia zibilak zirela eta erabaki dute eraso egitea.
Polizia iturriek agertu dutenez, emakumezko bat auto batean zain zuten ustezko ETAko bi kideek, eta hirurek alde egin dute Volkswagen Golf batean. Haut Mauco (Landak) herrira iristean, beste ibilgailu bat, Peugeot 307 bat, ebatsi dute, eta horretarako, auto gidaria, emakumezko bat, eta haren semea bahitu egin dituzte.Bordelerako bidean jarri dira eta kilometro batzuren buruan bahituak aske utzi dituzte eurek ihesean jarraitzeko. Polizia iturrien arabera, orduan bi taldetan banatu dira ustezkoETAko kideak: auto batean iparralderantz jo dute, eta bestean hegoalderantz.
Rubalcabak eta Alliot-Mariek zauritutako guardia zibila bisitatu dute
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroa eta Michelle Alliot-Marie Frantziakoa Werderren (Alemania) harrapatu ditu albisteak, G6ko Barne Ministroen bileran. Erasoaren berri izan ostean, Capbretonera bidean jarri dira gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko. 16:30ak inguruan iritsi dira, eta polizia buruekin hitzegin eta informazioa bildu ostean, Baionako Cote Basque erietxera joan dira Fernando Trapero zauritutako guardia zibila bisitatzera. 17:30ak inguruan iritsi dira, eta zaurituaren egoerari buruzko azalpenak eman dizkiete medikuek. Oso larri dagoen arren, egonkor dagoela agertu diete.
Bisitaren ondoren, Rubalcabak ziurtatu du tiroketa ez dela aurrez prestatutako atentatua izan, baizik eta ustekabean ohartu direla ETAko kideak bi lagun horiek guardia zibilak zirela, eta bat-batean erabaki dutela erasoa.
Frantziako SDATeko Poliziak eta Parisko Terrorismoaren Kontrako Fiskaltzak hartu dute beren gain ikerketa.
ETAren kontrako operazio batean parte hartzen ari zen guardia zibil bat hil dute eta beste bat zauritu, Frantzian
Zauritua "oso larri baina egonkor" dago Baionako erietxe batean. Capbretongo (Landak) merkataritza zentro batean gertatu da tiroketa, eta iturri ofizialen arabera, ETAko kideak dira egileak. Rubalcabak ziurtatu du ez dela aurrez prestatutako atentatua izan, ustezko ETAko kideek guardia zibilen presentziaz ohartuta bat-batean erabakitakoa baizik. Ihes egiteko autoa lapurtzeko auto gidari bat eta haren semea bahitu dituzte, baina segituan utzi dituzte libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu