Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak ez dute iritziz aldatu. Auzitegi Gorenean egin zuten bezala, Auzitegi Konstituzionalean ere Sortu legeztatzearen kontra azaldu dira. Estatuaren abokatuak atzo goizean aurkeztu zuen alegazioen idazkia, eta gaur —epearen azken egunean— egingo du Fiskaltzak. Bateragune auziko epaia kaleratu arte itxaron dute. Izan ere, ostiralean kaleratu zuten epaia aipatu egin du Estatuaren abokatuak gaur aurkeztutako idazkian. Auzitegi Konstituzionalak ez dauka epe jakinik helegiteari buruzko erabakia hartzeko, baina azaroaren 20an hauteskundeak izango direla kontuan hartuta, baliteke azkar ebaztea. Sortuk azaroaren 20ko hauteskundeetan parte hartzeko, urriaren 7a baino lehen erabaki beharko luke Auzitegi Konstituzionalak.
Estatuaren abokatuak bereari eutsi dio Sortu legeztatzearen kontra egitean: Sortu eta ETAren artean ez dagoela urruntzerik argudiatu du berriro ere. «Ez da egon urruntze, arbuio eta gaitzespen adierazpenik». Alderdien estatutuetan indarkeriaren erabileraren kontra —baita ETArena ere— jasotzen den jarrerak, adibidez, ez du baliorik Estatuaren abokatuarentzat. «Estatutu ederrak fikzio hutsa dira alderdien erroldan izena ematea lortzeko iruzurra eginez». Horrez gain, urruntzea benetakoa izateko ETAri desegiteko eskatzea exijitzen du orain Estatuaren abokatuak. Metafora musikalak erabili ditu legeztatzearen kontrako jarrera indartu nahian. «Ez da agertzen inondik inora loturarik eza, bereizketa edo kontrajartzea. Gehiago dirudi bi korok melodia berbera ari direla interpretatzen, hasieran desarmonia gutxirekin eta azkenean armonia osoarekin. ETAk eta ezker abertzaleko buruzagiek adierazitako jarrerak, Estatuaren abokatuaren ustez, ez daude kontrajarrita edo urrunduta: «Musika pieza berberaren lau eskutako interpretazioa da».
Dena den, Estatuaren abokatuak, hanpaduraz argudiatzeko ahaleginean, agerian utzi du bere arrazoibidea ez dela oso juridikoa. Idazkiaren pasarte batean onartu egiten du ezker abertzalea legezkoa izan daitekeela eta benetan bilatzen duena ezker abertzaleak homologazio politikorik ez lortzea, hau da, gainerako alderdi politikoen parean ez jartzea. ETAk dirauen bitartean ezker abertzaleak ezin izango duela «eragile politiko normala izan, beste alderdi batzuen baliokide». Estatuaren abokatuaren ustez, «ETA desagertzen ez den bitartean, ezker abertzalea, legez kanpo edo legeztatuta, ez da jarri gainerako alderdi politikoen plano berean, ETAtik zalantzarik gabe ez bada bereizten, indarkeria etarra arbuiatuz eta bandaren desegitea eskatuz». Bi aukerak —«legez kanpo edo legeztatuta»— aipatzen dituenean, de facto onartzen ari da ezker abertzalea legezkoa izan daitekeela.
Agiriari buruzko isiltasuna
Beste argudiorik ezean, ETAk uztailean kaleratutako agiria luze aztertu du Estatuaren abokatuak. Agiriaren pasarteen artean, amaieran agertzen ohi diren esaldiak ere aipatu ditu. «Derrigorrezko goren ondoren, betiko kontsigna: Jo eta ke independentzia lortu arte! Esperientziaz dakigu zer esan nahi duten ETArentzat jo eta ke hitzek. Zer erantzun eman diote Sortuk edo haren sustatzaileek ETAren agiriari? Isiltasuna». Estatuaren abokatuaren ustez, isiltzen denak «onetsi» egiten du.
Haren ustez, esanguratsua da ETAk esan izana ezker abertzalearen bazterketa politikoa amaitzeko bidea hasi dela. Halaber, susmagarri iruditzen zaio ETAk egoera berria aurreikustea, Bilduk hartutako konpromisoak kontuan hartuta.
Bateragune auziko epaia ere aipatu du bere idazkian. Zehazki, gogorarazi du Auzitegi Nazionalak Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez zigortzeko erabili dituela Sorturen auzian alderdia ez legeztatzeko Auzitegi Gorenak kontuan hartu zituen zenbait dokumentu.
ETAri desegiteko eskatzeko exijitu dio orain Sorturi Estatuaren abokatuak
Ezker abertzalea legeztatuta egotea posible dela onartu du Espainiako Gobernuaren ordezkariak aurkeztutako alegazioetanEstatuko Fiskaltzak gaur aurkeztuko ditu alegazioak Auzitegi Konstituzionalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu