Faisan auzian auzipetuta dauden Espainiako Poliziaren hiru buruzagiek ukatu egin dute 2006ko maiatzaren 4an ETAri polizia-operazio bat izango zela filtratu izana. ETAri laguntza ematea eta sekretupeko informazioa zabaltzea egotzita, auzipetuta daudela jakinarazi zien atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak Victor Garcia Hidalgo Espainiako Poliziaren zuzendari ohiari, Enrique Pamies Espainiako Poliziaren EAEko buruzagi izandakoari eta Jose Maria Ballesteros Arabako Informazio Brigadako inspektoreari. Epailearen aurrean eginiko deklarazioetan, euren errugabetasuna defendatu zuten hirurek.
Berri agentziek zabaldu dutenez, hogei minutu inguru iraun du saioak; hiru auzipetuak eta euren abokatuak izan dira Pablo Ruz epailearen aurrean, eta banan-banan deklaratu dute harenbulegoan.
Pamiesen abokatu Jose Maria Fuster-Fabrak auzitegiaren kanpoaldean bildutako kazetariei azaldu dienez, Carlos Bautista fiskalak galdera bakarra egin die, eta hirurek ukatu egin dute «ETAren helburuak» partekatzen dituztela.
Epailearen autoaren arabera, Jose Maria Ballesteros izan zen Faisan ostatuan sartu eta Joseba Elosua jabeari sakelako telefonoa eman ziona. Telefono horretan jasotako dei baten bidez jakin zuen Elosuak ETAren aurkako polizia-operazio bat prest zegoela; dei hori Enrique Pamiesek egin zuela uste du epaileak. Gertakariak maiatzaren 4an jazo ziren, eta Pamiesek eta Garcia Hidalgok adostuta burutu zela dio autoak.
Fuster-Fabra abokatuak esan duenez, Pamiesek adierazpen bat irakurri du, «ia 500 terrorista atxilotu dituen eta ia 50 talde desegin dituen pertsona bati ETAri laguntza ematea leporatzeak zer suposatzen duen azaltzeko».
Abokatuaren arabera, bere bezeroaren testigantzak «erabat desegin du» epailearen autoak dioena. Pablo Ruz epaileak «egia ofiziala» hartu eta «errudun perfektuak» bilatu nahi dituela salatu du abokatuak.
Interes politikoak
Pamiesen eta Ballesterosen abokatuek aurkeztu dituzten idatzizko helegiteetan, berriz, epaileari eskatu diote «ikertu ez diren beste hipotesi batzuk» kontuan hartzeko. «Hari guztietatik egin behar da tira errealitatea ezagutu nahi bada, baina kasu honetan aukeratu den haria interes politikoek eta mediatikoek markatu dute», dio Pamiesen idatziak, berri agentziek zabaldu dutenez. «29 urte eman ditut erakunde terrorista baten aurka borrokan. Lankide eta lagunen hileta askotara joan behar izan naiz, eta honek guztiak eragiten duen tentsioaren ondorioz osasuna ere galdu dut», adierazi dio Pamiesek epaileari idazki horren bitartez.
ETAri lagundu izana ukatu dute hiru polizia buruek
Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak 'Faisan auzian' auzipetuta daudela jakinarazi die hirurei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu