Eten egin dute 1982an ETAri laguntzeaz akusatutako baten epaiketa

Seina urteko espetxe zigorra jarri diete hiru gazteri, 2009an banku batean lehergailu bat jartzea egotzita

Erredakzioa
Donostia
2011ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak eten egin du Esteban Murilloren aurkako auzia, leporatzen dioten delitutik hona denbora gehiegi igaro delako, eta delitua bera baliogabe gelditu delako.

1982an Iruñean Poliziaren ibilgailu baten aurkako atentatu batean laguntza ematea egozten zioten Murillori; atentatuaren egileak etxean edukitzea eta haiei lekuz aldatzen laguntzea, hain justu. Leherketa hartan polizia bat hil eta zortzi zauritu ziren; haren egiletzat jotzen dituzten Juan Jose Legorburu eta Mercedes Galdosi 232 urteko espetxe zigorra jarri zieten.

Talde armatu bati laguntza emateagatik akusatutakoei beranduenez hamabost urtera egin behar zaie epaiketa; hortik aurrera, baliogabe gelditzen da delitua. Murillo 2001ean inputatu zuten lehen aldiz, Legorburu atxilotu ostean, haren adierazpenetan oinarrituta. Ordurako ia hemeretzi urte iraganda zeuden atentatua gertatu zenetik. Gainera, autoak dioenez, «oso modu orokorrean» aipatu zuten haren parte-hartzea 1982ko atentatu haren prozesatze-autoan, eta horrek «ez du esan nahi bertan parte hartu zuenik».

Horrenbestez, Murilloren aurkako epaiketa bertan behera gelditu da eta Murillo bera kargurik gabe uzteko agindu du epaileak. Dena den, bost eguneko tartea izango da erabakiaren aurkako helegitea jartzeko.

Seina urteko kartzela zigorra

Auzitegi Nazionalak seina urteko kartzela zigorra ezarri die Alberto Marin, Alexander Bustindui eta Gaizka Astorkizagari, 2009an Bilboko banku batean lehergailu bat jartzea egotzita, lehergailuak eztanda egin ez zuen arren. Hamabina urteko inhabilitazioa ere jarri die.

Marin eta Bustindui apirilean atxilotu zituzten, eta otsailean hasi zen epaiketa; Ertzaintzak torturatu egin zuela salatu zuen Marinek. Fiskalak hamalauna urteko kartzela zigorra eskatu zuen, pertsonak arriskuan jartzeagatik eta Segi gazte erakundeko kide izateagatik. Azken horri dagokionez, ordea, kargurik gabe utzi dituzte hirurak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.