Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Etengabe gezurretan aritzea egotzi dio PSE-EEk EAJri

Kupoko 500 milioi horien zati bat galdu nahi al duen galdetu dio Karlos Agirrek Iñigo Urkulluri

Erredakzioa
Bilbo
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
«Latza, lotsagarria eta penagarria» da, Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen iritzian, EAJren jarrera: «Gezurra, kalumnia eta azpijokoa erabiltzen ari da etengabe». Politika «erabat baldarra» erabiltzea egotzi dio, «lehendakari izateko hautagai den batentzako batere egokia ez den politika».

Espainiako Gobernuari kupotik 500 milioi eskatzea galdegin zion herenegun Iñigo Urkullu EAJko lehendakarigaiak Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakari eta lehendakarigaiari. Adierazpenok ez dituzte batere ondo hartu PSE-EEn eta Jaurlaritzan. EAJ okerreko datuak erabiltzen ari da, Pastorrek atzo Radio Euskadin salatu zuenez, eta, gainera, Lopezek datu horiek kontrastatzeko eskatzen dionean «ezkutatu» egiten dela salatu du. «Ez du ezertxo ere frogatu; akusazioak bota baino ez du egin, baina gero buelta eman du, eta hori koldarrek egiten dute», esan zuen.

Karlos Agirre Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak ere erantzun die Urkulluren hitzei. Halakoak esanda «500 milioi horien zati bat» galdu nahi al duen galdetu dio EAJri.

Pastorrek esan du ez duela hitz egin nahi hauteskunde osteko akordioei buruz, eta gogora ekarri du oraindik kanpainaurrean daudela. Hauteskunde emaitzak jakiten dituztenean hitz egingo dute itunei buruz, haren arabera. «Gu irabazteko asmotan gabiltza, ez beste talde batzuekin gobernua partekatzeko asmotan. Hauteskunde hauek irabazi nahi ditugu, uste dugulako badugula kaudimena eta esperientzia, zer egin dezakegun erakusteko». Hala ere, argi dauka inork ezingo duela bakarrik gobernatu: «Ikusiko dugu zein akordio diren posible».

Haren arabera, gizartea ulertzen ari da PSE-EEk nola lan egin duen Jaurlaritzan egon den denboran, eta PPren murrizketen «hondamendia saihestea» lortu dutela.Gainera, Pastorrek uste du denbora pasatu ahala gizarteak gero eta balio handiagoa emango diola PSE-EEk egindako lanari. Jaurlaritzan izan diren legegintzaldia «azken urteetako biziena» izan da, haren esanetan.

Pastorren iritzian, orain herritarren kezkak ez dira ez subiranotasuna eta ez kontsulta, ezta «Urkulluk proposatzen duen estatus politiko definitu gabeko eta gaseosoa ere». Egoera ekonomikoa da haien kezka, PSEren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.