Bizkaiko SOS Arrazakeriak salatu egin ditu atxiloketetan gertatzen diren irregulartasunak, eta gaineratu du irregulartasun horiek gehiago errepikatzen direla atxikitako pertsonak atzerritarrak diren kasuetan. Elkartearen arabera, istiluak gertatzen direnean pertsonak atzemateko joera du Poliziak, gertaera hori delitua izan beharrean, hutsegitea bada ere. Hortaz, atzemateak zigor gisa erabiltzen direla salatu du. Gainera, elkarteak oroitarazi du legez ezin dela pertsona bat 48 ordutik gora atxiki, eta hori sarritan gertatzen dela jakinarazi du.
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak herritar baten kasuan jakinarazitako epaiaren karietara egin du agerraldia SOS Arrazakeriak. Herritarra 48 ordu baino gehiagoz atxilotu zuten, 2010eko abenduaren 24ko 10:47etik hilaren 26ko 14:23 arte, ez zuelako Bilboko aterpetxe batetik joan nahi izan. Antza denez, erresistentzia pasiboa egin zuen gizonak, eta epailearen aurrera eraman zutenerako, hark auzia artxibatua zuen. Atzeman zuten udaltzainak salatu zituen gizonak, baina martxoaren 31n auzia artxibatu zuen Bilboko Epaitegiak. Epai hark auzia artxibatzearen aldeko azalpenik ematen ez zuela iritzita, erabakia baliogabetu zuen iragan urrian Bizkaiko Auzitegiak, eta beste sententzia bat idazteko agindu du.
Kasu hori adierazgarria dela uste du Patxi De la Fuente Bizkaiko SOS Arrazakeriako kideak, atzemandako gizonak ez baitzuen deliturik egin, hutsegitea baizik. Jakinarazi duenez, elkarteak aurten jarri dituen 175 salaketen %20 hainbat indar polizialen aurkakoak izan dira. Hala ere, aitortu du horien aurka salaketak jartzea zailagoa dela, nekeza baita polizien aurkako frogak topatzea.
Polizien bortxaz, jardunaldiak
De la Fuenteren arabera, urteak daramatza SOS Arrazakeriak halako kasuak artatzen eta bideratzen. Horregatik, izaera arrazista duen bortizkeria polizialaren gaineko jardunaldiak antolatu ditu elkarteak. Bilboko San Frantzisko auzoko etxeko areto nagusian izango dira, azaroaren 10ean eta 11n.
Atzerritik etorritako hainbat herritarren testigantzekin abiatuko dituzte topaketak, eta Poliziaren balizko gehiegikeriei aurre egiteko tresnak landuko dituzte 11n. Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoak hitz egingo du, eta Oihana Barrios psikologoak polizien bortxa jasan dutenei geratzen zaizkien aztarna psikologikoez jardungo du. Mahai inguru bat osatuz amaituko dituzte jardunaldiak, eta bertan izango da Nafarroako SOS Arrazakeriako ordezkari Beatriz Villahizan; kalean polizien lana ikuskatzeko antolatu dituzten taldeak izango ditu hizpide.
Etorkinen atxiloketetan irregulartasunak antzeman ditu SOS Arrazakeriak
Atzemateak zigor gisa erabiltzen direla eta sarritan legezko 48 orduak baino gehiago irauten dutela salatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu