Etorkinen kopurua lehen aldiz jaitsi da Nafarroan: 2.500 gutxiago iaz baino

Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban igotzen segitzen du kopuruak, motelago bada ere; Hegoaldean, %8 dira immigranteak

Etorkinen kopurua lehen aldiz jaitsi da Nafarroan: 2.500 gutxiago iaz baino.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Alde egiten hasi dira etorkinak, krisi ekonomikoaren erdian. Azken urteetako joera irauli egin dela nabaritu dute Nafarroan, INE Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuetan ageri denez: iaz baino 2.500 immigrante gutxiago daude aurten herrialde horretan —Espainiaz kanpoko etorkinak soilik hartzen dituzte kontuan—. Azken urteetako joera errotik aldatu da, horrenbestez: etenik gabe egin du gora etorkinen kopuruak azken hamarkadan. Iraultze hori oraindik ez da gertatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: haietan gora egiten segitzen du etorkinen kopuruak, eta iaz baino 5.900 gehiago daude. Hego Euskal Herria osorik hartuta, erroldan %8 dira immigranteak.

Azken hamarkadan etengabea izan da hazkundea. 1998tik hasita dauzka datuak INEk, eta horietan bistan da mende berriarekin batera izugarri handitu dela immigrazioa. 1998an, ehun herritarretik bat ere ez zen Espainiaz kanpoko immigrantea Hegoaldean. Ordutik asko handitu da portzentaje hori, batez ere Nafarroan: %10,7 dira gaur egun, eta gehiago izan dira azken urteetan: %11,2.

Etorkin gehien Nafarroan dago proportzioan, eta han egin du behera kopuruak. Ikuspegi immigrazioaren behatokiaren azterketak horretaz ohartarazi du: atzerritar gehien dagoen herrialdeetan behera egin duela kopuruak —Nafarroan, argi—, eta gutxien dagoenetan, gora —Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Zergatik? Bi arrazoi ikusi dituzte Ikuspegiko adituek: immigranteek Espainiako naziotasuna lortzea —orduan ez dira etorkin gisa agertzen estatistiketan— eta krisiak eraginda banatzera jo dutela etorkinek, alegia, herrialde batzuetan pilatu beharrean beste batzuetara zabaldu direla lana topatzeko.

Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren kasua da hori. Krisia gorabehera, kanpotarrak joan dira haietara. Araban handitu da gehien portzentajea aurten, %4,6 (1.300 lagun gehiago); Bizkaian %4 gehiago dira (2.857), eta Gipuzkoan, %3,9 (1.734). Azken bi urteetako gorabeherak tarteko, jadanik ez da Nafarroa etorkin gehien daukan Hegoaldeko herrialdea: Bizkaiak gainditu du (75.113 ditu). Proportzioan, berriz, Nafarroak segitzen du etorkin gehien izaten (%10,7), Arabaren aurretik (%9,3). Haien atzetik daude Bizkaia eta Gipuzkoa, biak %6,5ekin.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan igoera izan da, baina Ikuspegik ohartarazi du krisiaren eraginez geldialdia dagoela herrialde horietan ere. Konparazio baterako, Gipuzkoan: 2006tik 2009ra, %62 handitu zen immigranteen kopurua (15.569 gehiago); 2009tik aurten arte, %12 (5.054 gehiago). 2009a da marka leku guztietan: krisia gogortzen ari zela, orduan hasi zen gelditzen immigrazioa.

Ikuspegik lau alditan bereizi du azken urteetako immigrazioaren bilakaera: hasierakoa —1998-2000 artekoa; «errealitate» izaten hasi zen immigrazioa, gorakada txiki batekin—, finkatzea —2001-2003an, «garrantzitsu» bihurtu zen etorkinen etorria; 10.000tik gora iritsi ziren Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara—, areagotzea—2004tik 2008ra «bizkortu» egin zen atzerritar oldea; 2007an, adibidez, 19.000 heldu ziren hiru herrialdeetara—, eta krisiak jotako aldia —motelaldi «nabarmena», nahiz etorkinak iristen segitu—.

Urte horietan guztietan handitu egin zen Hegoaldeko biztanleria. «Immigrazioari esker, biztanleria galtzeko dinamikari bira eman zaio», nabarmendu dute Ikuspegiko ikertzaileek. Krisiak ekarri du aldaketa hor ere: orain arte, batez ere Latinoamerikako herritarrak iritsi dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara; krisi garaian, ordea, magrebtarrak ugaldu egin dira, marokoarrak batik bat, eta haiek dira gehien orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.