Nafarroako Gobernua «PPren jokoan» sartu dela salatu du PSNk. Immigrante papergabeei osasun zerbitzuak kobratu eta gero Gizarte Politikarako Departamentuaren diru laguntza emateko gobernuak hartutako erabakia «ez da nahikoa, eta baztertzailea da», PSNren ustez. Nafarroak dituen eskumenak baliatzea galdegin dio UPNri, autogobernua erabiliz «ongizate estatuari» eusteko.
Nafarroako Parlamentuan zenbait proposamen aurkeztu zituen atzo PSNk, osasun arretari buruz. Alderdi politiko horrek uste du «osasun zerbitzu unibertsalaren printzipioa» urratu duela UPNk. Botikak berrordaindu behar izateak eta etorkin papergabeei osasun arreta kobratzeak ez du dirua aurrezten laguntzen, PSNren esanetan. Beraz, erabakia «ideologikoa» dela ondorioztatu du.
Botikak berrordaintzea saihesteko, proposamen bat aurkeztu du parlamentuan PSNk; zehazki, lege proposamen bat. Botiken zerbitzua zabaltzeko eskatu du proposamen horretan. Botikak berrordaintzeko sistema «injustua» da, PSNren ustez, eta gizarteko «talde ahulenei» egiten die kalte handiena. PSNk adierazi du, Espainiako Auzitegi Konstituzionalari jarraituz, Espainiako Gobernuaren legeek «gutxienekoak» ezartzen dituztela eta, beraz, posible dela gutxieneko horien gainetik arauak ematea, legearen aurka egin gabe. Hortaz, botiken zerbitzua hedatzea egingarritzat eta beharrezkotzat jo du.
Eusko Jaurlaritzak, berriz, berretsi du ez diela botikarik konbratuko pentsiodunei. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Jaurlaritzaren helegitea atzera botako balu ere, Jaurlaritzak badu modua, Fernandezen hitzetan, berrordainketa ez ezartzeko. Gizarte zerbitzuak erabil ditzake horretarako. Zehaztu du pentsiodunek farmazietan dirurik ez jartzeko era aurkituko dutela, moduren batera.
Bestalde, Nafarroako Erizainen Elkargoak esan du bere esku dagoen guztia egingo duela pertsona guztien osasun arreta bermatzeko, «pertsona horien arraza, nazionalitatea edo egoera administratiboa edozein dela ere». Erizainak galdetzen ari dira kontzientzia eragozpena egin diezaioketen etorkin papergabeak osasun zerbitzutik kanpo uzteko Espainiako Gobernuaren dekretuari; elkargoak erantzun die eriak zaintzea dela haien betebeharra.
Etorkinentzako osasun laguntza eskastzat jo du PSNk
Nafarroako Erizainen Elkargoak esan du bere esku dagoena egingo duela pertsona guztien arreta bermatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu