Etorkizun oparoko eredua

Diru galerak sortzen dituzten azpiegiturek badute etorkizunik, eraikitzeko lanetan eta agendan dauden proiektuek erakusten dutenez. Uste horretakoak dira ekonomiako aditu ugari.

jon olano
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Adibideak askotarikoak badira ere, eredu hori ez da iraganekoa. Bermatua du geroa, eta horixe erakusten dute abian diren egitasmoek. Hori uste dute ekonomiako aditu ugarik. Egin beharreko inbertsioek auzitan jarri dute, besteak beste, Pasaiako kanpoko kaiaren (Gipuzkoa) bideragarritasun ekonomikoa, baita abiadura handiko trenarena ere. Adituen arabera, ideia politikoak eta gehiegizko baikortasuna daude, adibidez, jokabide horren atzean.

Pasaiako portuko foroko kide da Javier Belza ekonomialaria, eta «seriotasun falta» antzematen dio kaia Jaizkibel mendiaren magalean egiteko proiektuari, baina baita neurrian egin ez diren beste hainbati ere: «Filosofia horren arabera, eraikuntzak zenbat eta handiagoak eta ikusgarriagoak, hobeto. Boterearen eta arrakastaren erakusle dira». Belzaren ustez, Bilboko Iberdrola dorrea da horren adibide. Gainera, sarritan gauzak alderantziz egiten direlakoan da: «Lehenik, azpiegitura bat planteatzen da, eta, gero, hori eraikitzeko justifikazioa bilatu. Horrek eragiten du azalpenak barregarriak izatea».

AHTaren errentagarritasuna aztergai izan du Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia Aplikatuko irakasle Roberto Bermejok, eta, haren esanetan, ideia politikoak daude trena eraikitzearen atzean: «Ideia zentralista bat izan zuen Aznarrek: Espainiako probintzietako hiriburu guztiak Madrilekin lotzea». Baina bidaiari kopuru urriak baldintzatuko du errentagarritasuna, Bermejoren irudiko.

Bat datoz Belza eta Bermejo: etorkizunera begira eginiko apustu bat baino gehiago, azpiegitura handiak «zama» bat dira, datozen belaunaldiei utzitako «hipoteka» bat. Hain zuzen, hasieran egin beharreko inbertsio handiari buelta emateko zorpetzeak luzerako baldintzatuko duelako ekonomia. Egungo egoera ekonomikoa aintzat hartuz gero inbertsio horiek egitea are ikaragarriagoa dela uste du Bermejok, azpiegiturak gizarte laguntzekin lehiatzen baitira finantzaketa eskuratzeko.

Adituen iritziz, lehiakortasunaren eta interes orokorraren izenean egin dira eta egingo dira hainbat lan, baina Belza eta Bermejo ez daude ados argudio horiekin. Proiektu estrategiko deitura proiektu garesti-ren leungarri bat dela uste du Belzak: «Zeharkako lanpostuak sortuko direla esan ohi da, eta barne produktu gordina igoko dela; gauza teorikoak denak, gerora errealitatetik urrun izaten direnak». Iritzi berekoa da Bermejo: «Jarduera ekonomikoarekin, lanpostuekin eta garapenarekin lotzen dira azpiegiturak, baina frogatuta dago egin beharreko azken inbertsioa dela azpiegiturena, horrek ematen duelako errentagarritasunik txikiena».

Belzak nahiago du baikorra izan: «Espero dut arrazoia nagusitzea eta baten batek proiektu hau [Pasaiako kaia]geratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.