Estatus polktikoari buruz herriz herri antolatzen ari diren galdeketek azaroaren 18an dute hurrengo hitzordua. Orduan, Donostian, Irunen (Gipuzkoa), Zallan, Alonsotegin eta Balmasedan (Bizkaia) egingo dituzte.
Donostian egingo duten galdera aurkeztu dute gaur: "Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea?". Kaian eginiko agerraldi batean, azaldu dute hamazazpi lagunek osatutako adosguneak erabaki duela galdera, 1.500 ekarpen inguru jaso eta gero.
Azaroaren 18a bera antolatzen hasi dira, eta iragarri dute 34 hautesleku zabalduko dituztela. Guztira, 1.000 boluntario behar dituzte, eta herritarrei dei egin diete antolaketan parte hartzera, auzoetako taldeetara batuz nahiz donostiagaldeketa.eus webgunean izena emanez.
Galdera aurkeztearekin batera abiatu dute kanpaina. Halaber, jakinarazi dute "kalejira erraldoi" bat prestatu dutela urriaren 28rako, Dantza dezagun erabakia lelopean. 11:30ean hiru zutabe abiatuko dira, eta Bulebarrean batuko, 12:30ean. Ekitaldi bat egingo dute ondoren.