Etorkizuna, katebegiz katebegi

Gure Esku Dago-k deituta, giza armarri bat osatu dute Iruñean, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katean parte hartzeko deia egin dute. (Bideoa albistearen amaieran).

Etorkizuna hitza, hizki handiz osatua, kioskoaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Kalea maite dugu», aldarrikatu du Gure Esku Dago-ko Aitor Urrutiak, Gazteluko plazako kioskotik. Jendez mukuru ageri da Iruñeko erdigunea. Kalera atera dira ehunka lagun, elkarri eskutik heldu eta, denen artean, Nafarroako armarria irudikatzeko. Mosaiko ikusgarria osatu dute. Mila pertsona dira, antolatzaileen esanetan. Pertsona bakoitza, katebegi txiki bat.

Askotariko jendea bildu da Gazteluko plazara: gazteak, familiak seme-alabekin, eta adinekoak. Gorriz jantzita azaldu dira batzuk, eta beste askok plazan bertan erosi dituzte Gure Esku Dago-ren elastiko edota zapi gorriak. Hainbat boluntariok koordinatu dituzte mosaikoa osatzeko lanak: lehenbizi, Nafarroako armarriaren forma marraztu dute lurrean, zinta isolatzailearekin, eta horren gainean kokatu dituzte jende ilarak, armarriko kateak guztiz osatu arte. Nafarroako Jauregiaren parean, berriz, argazkilaria, garabi baten gainean igota, mosaikoaren argazki panoramikoa egin ahal izateko. Klik.

Parte hartzaileen artean dira ezker abertzaleko ordezkari politikoak, sindikalistak eta mugimendu sozialetako militante historikoak. Denak eskutik helduta, erabakitzeko eskubidearen alde. Giza armarria osatuta, Nafarroako banderak eta puxika gorriak astindu dituzte parte hartzaileek. Ozen aditzen dira Gora Nafarroa! eta Etorkizuna gure esku dago! leloak, bozgorailuetatik. Horren ostean, Etorkizuna hitza osatu dute antolatzaileek kioskoaren aurrean, hizki erraldoiekin.

«Burujabetza maite dugu», segitu du Urrutiak, kioskoaren goiko aldetik. Horrexegatik irudikatu dute armarria: «Nafarroako burujabetzaren ikurra delako». Erresumaren iragana gogoratzeko balio dute kateek, baina atzera ez, aurrera begiratu nahi du Gure Esku Dago-k: «Nafarroako armarria iraganetik badator ere, gu etorkizunari begira gaude, etorkizuna irabazi nahi dugu, guretzat eta gure seme-alabentzat. Elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatu nahi dugu».

Erabakia, erdigunean

Erabakitzeko eskubideari buruzko auzia eztabaida politikoaren erdigunera eraman nahi du Gure Esku Dago-k, eta konplizitate keinuak egin dizkie hilabeteetan oihartzun zabala izan duten beste zenbait aldarrikapen eta borroka soziali. «Mugimendu feministak deituriko mobilizazioak, pentsiodunek antolatutakoak, Kataluniari elkartasuna adierazteko elkarretaratzeak, Altsasuko auziaren harira eginiko manifestazioak... Hamaika arrazoi kalera irteteko; milaka herritar kaleetan, eskubideen defentsa ardatz gisa hartuta», gogoratu du Urrutiak. Protesta horien guztien erdigunean «erabakimenaren auzia» dagoela uste du.

Horregatik, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea hamaika modutara aldarrikatu dituzte azken urteetan. Aipagarrienak aletu dituzte Iruñeko giza armarriaren antolatzaileek, mosaikoa egin ostean irakurritako adierazpenean: «Guztira, 203 herritan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak, 830.000 lagunek izan dute bozkatzeko aukera, eta ia 200.000 lagunek parte hartu dute. Beraz, erabakiaren bidean, etorkizuna nafarron esku jartzeko bidean, pauso garrantzitsuak ematen ari gara».

Nafarroari dagokionez, 47 herritan egin dituzte galdeketak. 33.642 herritar izan dira deituak parte hartzera; eta horietatik, ia 10.000 lagunek bozkatu dute. Hala, parte hartzea %29 ingurukoa izan da batez beste, eta hortik gorakoa hainbat herritan. Esate baterako, Bakaikun, 2016ko azaroaren 27an eginiko galdeketan, %65,3koa izan zen parte hartzea datua; %63,3koa Goizuetan, %61,5ekoa Aranon, %60,3koa Arantzan, %42,7koa Etxarri Aranatzen... Horiek guztiak gogoan izan dituzte antolatzaileek, Iruñeko giza armarria egin osteko ekitaldian.

Galdeketez gain, ordea, Gure Esku Dago-k beste ekitaldi batean jarria du begirada: ekainaren 10eko giza katean, hain zuzen. «Etorkizuna hautatze aldera, gure bidea da erabakitzeko eskubidea erabiltzea. Helburu horri heldu diogu, erabakitzeko eskubidea bultzatzeak burujabetza, elkarbizitza, demokrazia eta berdintasuna bultzatzea ere badakarrelako. Eta ekainaren 10ean, aukera ezin hobea dugu».

Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen jende ilara bat izanen da, eta 202 kilometro luze izanen da. 2014. urtean eginikoa baino 88 kilometro luzeagoa. Antolatzaileek badakite erronka gogorra izanen dela, baina uste dute gai izanen direla ibilbide osoa betetzeko. «Herritarrek eskuz esku osatutako kate luze hori egitasmo ederra izanen da berriro ere. Hamaika arrazoi baititugu elkarri eskua emateko. Senti dezagun posible dela amesten dugun etorkizun hori elkarrekin eraikitzea», azpimarratu du Urrutiak.

«Erabakitzea maite dugu» esanez bukatu du adierazpena: «Denaz erabakitzea, herritar burujabe gisa. Eta ziur gaude gure etorkizuna erabakiko dugula. Mugi gaitezen. Har dezagun bidea, gure esku dago eta».

[youtube]https://youtu.be/iO3ODrXE-nY[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.