EH Bilduko Josu Estarrona eta Unai Fernandez de Betoño legebiltzarkideek ETSren ustezko irregulartasun baten berri eman zuen atzo, erakunde publikoak Sener enpresari 1,2 milioi eurotan esleitutako kontratu bat aldez aurretik hitzartuta egon zitekeela aditzera emanez. Bada, alderdiari erantzunez, Garraio sailak ohar bat kaleratu du gaur, EH Bilduren adierazpenak «akusazio zeharo faltsuak» direla eta horien helburu bakarra «Eusko Jaurlaritzaren sinesgarritasuna ahultzea eta ETSren lanari prestigioa kentzea» dela esateko.
Legebiltzarreko prentsa aretoan eginiko agerraldian, EH Bilduko legebiltzarkideek jakinarazi zuten Sener enpresaren izena lehiaketa publikoaren baldintza teknikoak azaltzen zituen pleguaren metadatuetan ageri zela. ETSk hain zuzen, atzo onartu egin zuen hori «akats» bat izan zela, baina iruzur kasu batez ari zirela baztertzeko, azaldu zuen plegua «dokumentu zahar batean» oinarrituta egin zutela.
Garraio sailak ETSren ildo beretik jo du gaur: «Metadatuetako tituluari dagokionez, nabarmendu beharra dago landutako dokumentuen emaitza dela, beste dokumentu zaharrago batzuetatik abiatuta, zalantzan jarritako idatziari egin zaion trazabilitatearen miaketan ziurtatu ahal izan denez gero».
Hala, adierazi du gertatutakoak «ohiko jardunbide» bati erantzuten diola, dokumentuak beste zaharrago batzuetatik abiatuta lantzen dituztela zehaztuz: «Dokumentu horiek metadatuetan bil ditzakete, besteak beste, jatorrizko idazketa-data, egileak eta abar, eta informazio hori oinarri gisa hartutako dokumentu horretatik abiatuta landutako dokumentuek hartzen dute ondoren, horien formatua aldatzen denean ere».
Zentzu horretan, Garraio saiak azaldu du EH Bilduk aipatutako metadatuak hainbat dokumentutan ageri direla, jatorrizko dokumentu bera beste lizitazio batzuetan erabili delako, baita Sener enpresa aurkeztu ez denetan eta irabazi ez dituenetan ere.
Halaber, metadatu horietan egile gisa ageri den pertsonaren «ammayay» inizialak ETSko langile batenak direla nabarmendu Garraio sailak, eta ez Sener enpresako langile batenak, EH Bilduk suposatu zuen modura.
EH Bildurekin «nahigabetuta»
Horiek horrela, Garraio sailak bere «nahigabea» adierazi du EH Bilduk talde parlamentario gisa eskura dituen mekanismoak «dagokion informazioa biltzeko» erabili ez dituelako, eta, bere ustetan, «oinarririk gabeko akusazioak» eginez sektore publikoa eta bere langileak «xede politiko batekin ahultzea» bilatu duelako.
«Erakunde publiko hau kontrolaren eta gardentasunaren estandarrek gidatutakoa da eta, hemen aipatzen den kasuan ere, bete egiten ditu bere prozedura guztiak, berdintasuna, gardentasuna eta konkurrentzia bermatze aldera», adierazi du oharrean.