Etxabakoitzeko plana arriskutzat du Kontu Ganberak

Iruñeko auzoan 9.000 bizitza eraikitzeko plana dago, abiadura handiko trenaren geltokia egiteko lanen barruan

Erredakzioa
Iruñea
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Nafarroako Kontu Ganberak abisua eman dio Iruñeko Udalari: Etxabakoitz auzoan 9.000 etxebizitza eraikitzeko plana arriskutsua da. AHT abiadura handiko trenaren geltokia eraikitzeko planaren barruan hustuko diren lurretan eraiki nahi dituzte 9.000 etxebizitza berri horiek, bi milioi metro koadro hartuko lituzkeen eremu batean.

Etxebizitza berriak eraikitzeko proiektuak 297 milioi euroko aurrekontua du —udalaren 2010eko aurrekontu osoa baino gehiago da hori—. Kontu Ganberak uste du «kudeaketa gaitza» dutela hainbeste etxebizitzek, gaur egungo testuinguruan. Kontu Ganberak gogorarazi du krisiak etxebizitzen salmenta moteldu eta eraikuntza arloko enpresen jarduna trabatu duela. Hala, Iruñeko Udalari eskatu dio hainbeste bizitza eraikitzeak izan ditzakeen «ondorio ekonomikoak» aintzat hartzeko.

Eztabaida sortzen ari da AHTaren Iruñeko geltokiaren inguruan. Etxabakoitz auzoko bizilagunak protestak egiten ari dira azken asteetan, plana bertan behera uzteko eskatuz. Sustrai Eraikuntza Fundazioak, bestalde, helegitea jarri dio geltokiaren proiektuari; ingurumen baldintzak ez dituela betetzen, eta irregulartasunez onartua izan dela salatu du helegite horretan, besteak beste.

Iruñeko Udalaren 2010eko kontuak aztertzeko auditoria egin du Kontu Ganberak, eta horren barruan aztertu du Etxabakoitzeko plana. Udalaren ekonomia eta finantza jarduerak legearen barruan daudela eta egoki kudeatuta daudela ondorioztatu ganberak. 2010ean 236 milioi euroko sarrerak eta 270 milioi euroko galerak izan zituen udalak. Gastu arruntari eusten jarraitzeko gomendioa eman dio kontu ganberak udalari; diru sarrera iraunkorrak bilatzeko ere aholkatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.