Castorama etxe agentziaren egoitza bat okupatu du haserretuen mugimenduak Angelun (Lapurdi). Herriaren etxea izena eman diote okupatutako egoitzari, eta aterperik gabe dauden pertsonei eskaintzeko xedea agertu dute, «behin-behinean».
Okupatutako egoitza Itsuaren Zubiko Karrikan dago, eta hogei lagunek hartu zuten atzo goizean. Haserretuen mugimenduko kideak Baionan jarri zuten kanpalekua joan den maiatzaren 25ean, Madrilen sortutako mugimenduari jarraiki. Egunotan, ordea, kanpalekua kentzen ari dira.
Egoitza okupatu eta oren batzuetara poliziak agertu ziren, eta bertan zeudenak identifikatu zituzten. Haserretuen mugimenduak gogor kritikatu du Poliziaren jarrera, eta legez kanpokotzat jo. Aldi berean, bertatik botatzeko lehen urratsa ote den beldur agertu da. Atzo, lerro hauek idazteko orduan, okupatutako etxean jarraitzen zuten haserretuek, eta Poliziaren arrastorik berriz ere ez zen izan. Haserretuek adierazi dutenez, beste eredu sozial eta ekonomiko batbilatzeko ekintzak behar dira, eta testuinguru horretan kokatu dute okupazioa.
Astelehenean, Orkoienen (Nafarroa) etxetik bota behar zuten familia bat laguntzera joan ziren haserretuak, eta etxe hustea bertan behera uztea lortu zuten.
Baionan kanpalekua ezartzea erabaki zutenetik tira-bira ugari izan dituzte Jean Grenet hiriko auzapezarekin, kanpalekua uzteko agindu baitie behin baino gehiagotan. Larunbatean batzarra egingo dute mugimenduaren geroa erabakitzeko.
Etxe bat okupatu dute 'haserretuek' Angelun
Castorama etxe agentziarena da egoitza, eta aterperik gabekoei emateko hartu dute herritar 'haserretuek'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu