Gipuzkoako Stop Desahucios plataformak kanpaina bat hasi du, Espainiako Kongresuan herri ekimen legegile bat aurkeztu eta etxebizitza kaleratzeak legez saihesteko. Maileguen Espainiako Legea moldatzea eta etxebizitza bat izateko eskubidea bermatzea nahi dute, elkarteak azaldu duenez. Sei hilabetean, urriaren 30a baino lehen, 500.000 sinadura jaso behar dituzte, herri ekimena Kongresuan aurkeztu ahal izateko; langa hori ezartzen du, hain zuzen ere, Espainiako Konstituzioak.
Kanpaina atzo aurkeztu zuen Stop Desahucios taldeak, Donostiako Konstituzio plazan. Xabier Soto eta Mikel Sanchez plataformako kideek eman zituen azalpenak, etxetik bota dituzten edo botatzekotan dauden hainbat herritar atzean zituztela. Hiru helburu ezarri dituzte: kaleratze guztiak geldiaraztea, etxebizitzak ohikoak diren kasuetan eta ez ordaintzearen arrazoia kaltetuaren borondatearen aurka gertatzen denean; banketxearekin zorra kitatu ahal izateko, etxebizitza ordainean emateko aukera kaltetuen eskubide bat izatea; eta etxea galtzekotan daudenek etxebizitza berean bizitzen jarraitzeko eskubidea izatea, gehienez irabazien %30eko errenta ordaintzearen truke.
Kaleratzeek eragindako egoera «larriaz» ohartarazi zuen Sotok; adibide gisara aipatu zuen iaz 402 familiak jaso zutela etxetik joateko agindua Gipuzkoan. Areago, esan zuen egunean sei familia kalera ditzaketela, batez beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; urtebetean, beraz, 2190 sendi bidali ditzakete etxetik.
Bozeramaileen arabera, aferak hainbat erreakzio eta proposamen eragin ditu erakundeen aldetik, eta horietako hainbat aipatu zituzten; besteak beste, Eusko Jaurlaritzak aztertutako bitartekaritza zerbitzua —«banketxeen borondatearen eskuetan» uzten du arazoa, Stop Desahucios-en ustez— eta Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearen «ideia burugabea». Kutxako, BBK-ko eta Vital Kutxako gizarte ekintzen diruarekin kaleratzeei aurre egiteko funts bat sortzea proposatu zuen Fernandezek.
Erakundeen ekimen horiek, ordea, eskas geratu direla uste du Sotok: «Ideia horiek guztiek ez dute legerian aldaketa handirik ekartzen, eta, beraz, kaltetuei ez die inolako segurtasunik ziurtatzen». Edonola ere, Sotok goraipatu egin zuen hainbat udalek banketxeen eta kaltetuen artean egiten ari diren bitartekaritza lana; Zumarragako, Tolosako eta Errenteriako udalen jokabidea txalotu zuen.
Ekimena aurkeztu eta berehala hasi ziren herritar ugariren babesa jasotzen; kaleratzeek kaltetutakoak, kazetariak eta plazako arkupeetatik igarotzen ziren herritarrak izan ziren eskaera izenpetzen lehenak. Sinadurak biltzen jarraitzeko hainbat bide ahalbidetuko ditu plataformak.Asteazkenero, Donostiako Bulebarrean izango dira 19:00etatik 21:00etara; Gipuzkoan zehar mahai ugari jarriko dituzte, eta stopdesahucios.plazan.net webgunean jakinaraziko dituzte lekuak. Gainera, Internet bidez ere ekimenari babesa agertzeko aukera emango du elkarteak, egitekoak diren webgune batean izena emanaz.
Banketxea mehatxuka
Ane Martin beasaindarraren egoera ezagutarazi zuen Stop Desahucios elkarteak atzoko prentsaurrean. Martinek berak azaldu zituen xehetasunak. 6 urteko semea du, gaitasun urrikoa, eta arreta berezia behar du. Santander banketxeari ari zaio hipoteka ordaintzen; orain dela hiru urte, ordea, diru sarrerekin andrearen beste gastu batzuk pagatzen hasi zen banketxea, hipoteka ordaindu beharrean. 190.000 euroko hipoteka du ordaintzeko Martinek, eta banketxearekiko zorra ordaindu ezinik dabil. «Hilabeteak» daramatza mailegua ordaindu gabe, eta espero du «laster» iritsiko zaiola etxetik joateko agindua. Etxea trukean emateak ere ez lioke zorra kitatuko; horretarako, bere etxeaz gain, amarena ere eman beharko lioke banketxeari. Hark eman zion abala, eta orain biak gera daitezke etxebizitzarik gabe.
Alde egiteko eperik jarri ez badiote ere, Martinek adierazi du mehatxuak jaso dituela banketxearen aldetik; eskutitz bidez sarritan, baina baita kaletik ibilita ere. Azaldu duenez, hainbat langilek jazarri dute kaletik, mailegua noiz ordainduko duen galdezka. Gainera, doako justizia birritan ukatu diotela salatu du. Etxebizitza «duina» aldarrikatu du Martinek, eskubide bat dela defendatuta: «Ez dut beste munduko ezer eskatzen».
Etxe kaleratzeak legez saihesteko, 500.000 sinadura bildu nahi dituzte
Gipuzkoako 402 sendik jaso zuten iaz etxea uzteko agindua, Stop Desahucios elkarteak ohartarazi duenez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu