Etxe kaleratzeak, oraindik indarrean

Azken hilabeteetan behera egin du etxegabetzeen kopuruak, «baina ez dirudien bezainbeste». Atzo izan zen azken saioa, Barakaldon. Erakundeen «gizatasun falta» salatu zuen PAH Kaleratzerik Ez elkarteak.

Maite Asensio Lozano.
Barakaldo
2013ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hedabideetatik, eztabaidetatik eta kezken zerrendetatik ia bat-batean desagertu ziren, baina etxe kaleratzeak herritar askoren arazo dira oraindik ere. «Joan den hilean, 44 etxe enkante izan ziren Bizkaian, eta hori da kaleratzeko lehen urratsa». Barakaldon (Bizkaia) eman zuen datua Imanol Arnaiz PAH Kaleratzerik Ez elkarteko kideak, atzo goizean, 55 urte inguruko gizonezko bat etxetik kaleratzea geldiarazi eta gutxira. Kasu horren berri ematean, nabarmendu zuen arazoa ez dagokiela soilik hipotekei eta bankuei: «Erakunde publikoak ez dira behar bezalako arreta jartzen ari».

Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide zerbitzuak zeukan aginduta atzoko kaleratzea, etxebizitza alokatuta daukan gizonak ezin diolako aurre egin 8.000 euroko zor bati. Arnaizek azaldu du «Alokabideren huts baten ondorioa» dela zor hori, eta bi ordainketatan pagatzeko eskatu diola enpresa publikoak kaltetuari: «Baina mila euroko sarrerak dituenak ezin ditu 4.000 ordaindu». Prozesua atzeratzea lortu zuten atzo: hilabete inguru izango dute gizonaren alokairua eta zorra berriz negoziatzeko.

Izan ere, ordaindu beharreko kopurua ere «berriro kalkulatu» beharko luke Alokabidek, Arnaizen hitzetan: «Ez du kontuan hartu kaltetuaren egungo egoera ekonomikoa. 2010ean kontratua egin ziotenetik, bere diru sarrerak nabarmen jaitsi dira, baina egun ez da horren araberako errenta pagatzen ari». Funtsean, erakundearen jarrera kritikatu du Arnaizek: «Ez da eseri kontuak argi aztertzera. Kaltetuak ez dio uko egin ordaintzeari; formula egokia besterik ez du aurkitu nahi».

Ez da kasu bakarra: Etxebiderekin eta Bilboko Udal Etxebizitzekin lotutako kexen berri izan dute elkartean. Hiriburuko kasu batez mintzatu da Arnaiz: «Hileko 700 eurorekin bizi da bost kideko familia bat; gurasoak eta hiru seme-alaba dira, haietako bat mendekotasun handiarekin. Pixka bat aurreztea lortzen dutenean, Udal Etxebizitzetara joaten dira zorra ordaintzera, baina bertan ez diete onartzen dirua: zor duten kopuru osoa eskatzen diete, ez gutxiago».

Instituzioak «gizatasunik gabe» jokatzen ari direla berretsi du Arnaizek: «Langile batzuek kaltetuei erantzun diete etxe bat daukatenez ez dutela bestelako laguntzarik behar». Ildo horretan, agerian utzi du zailtasun ekonomikoak ez daudela soilik etxebizitzarekin lotuta: diru sarrerak bermatzeko errenta emateko irizpide «bidegabeak» eta botiken berrordainketak herritar askori eragindako «gainzama» hartu ditu ahotan.

Hartara, Arnaizek nabarmendu du erakunde publikoak ez zaizkiela etxebizitza beharrizanei erantzuten ari. «EAEko etorkizuneko legea berandu helduko da. Onartuz gero, aplikatzen hasterako beste hiru urte beharko ditu. Baina familiek orain behar dute etxea». Erantsi du hipotekak ordaindu ezinda dabiltzan sendien azken kaleratzeak bertan behera uztea lortu dutela, «baina arazoa ez da desagertu».

%30 kaleratze gutxiago

«Egia da azken hilabeteetan kaleratze kopurua murriztu egin dela, baina ez dirudien bezainbeste», adierazi du Arnaizek. Presio sozialari eta kaltetuen elkarteen lanari egotzi die, neurri batean, beherakada hori. «Eta banku batzuk atzera egiten ari dira», erantsi du. Baina enkanteen datuari erreparatu dio: «44 familia horiek etxerik gabe geratu dira, nahiz eta agian bi urte barru kaleratuko dituzten. Eta gehienak ordaindu ezingo duten zor batekin geratuko dira».

Datu ofizialek ere beherakada hori berretsi dute. Hego Euskal Herriari buruzko zifra eman zuen joan den astean Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak: iazko lehen sei hilabeteetan baino %30 etxegabetze gutxiago agindu dituzte epaitegiek aurtengo lehen sei hilabeteetan.

Dena den, datuok lurraldeka aztertuta, alde handiak daude: Gipuzkoan eta Araban %34 egin dute behera, eta Bizkaian %30, baina Nafarroan %8 bakarrik gutxitu dira. Kopuruz, ordea, Bizkaian eta Araban agindu dituzte etxe kaleratze gehien auzitegiek: Bizkaian 687, Araban 201. Gipuzkoan eta Nafarroan 155na agindu eman dituzte. Hipoteka exekuzioen eskariak ere —etxegabetzeko agindu aurreko prozedurak— gutxitu egin dira iaztik hona. 2012ko lehen sei hilabeteetan 1.030 eskari jaso zituzten auzitegiek; aurten, epe berean, 757 jaso dituzte, hau da, %26,5 eskari gutxiago.

Krisiaren ondorioz azken urteetan ugaritu ostean, 2012an goia jo zuten etxe kaleratzeek: egunean 7,74 agindu ematera heldu ziren epaileak; 2008an egunean ia laukoa zen zenbatekoa. Egungo egoera, ordea, iazkotik dago hurbilago: aurtengo lehen sei hilabeteetako datuak aintzat hartuta, egunean 6,6 etxegabetze agintzen ari dira auzitegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.