Sarako (Lapurdi) etxe batean, bisita berezia egin ahal izan zuten atzo bertan bildu zenbait turistak. Etxea ederra da, plazatik bi urratsera. Aitzina zuria du; berriki tindatua dirudi. Leihoak gorri: «euskal etxe tipikoa». Baina hara, «tipikoki hutsa» den etxea ere bada, espekulazioaren aurkako kolektiboak salatu zuenez. Euskal Herria ez da salgai aldarrikapena bere egiten duen kolektiboaren izenean, hogei bat gazte elkarretaratu ziren etxe horren aitzinean, oren erdi bat iraun zuen ekintza sinboliko bat eginez. Helburu pedagogikoarekin, etxeko ateak ireki, eta bisita gidatu antzeztuak proposatu zituzten hortik pasatzen ziren turistei.
770 bat metro koadrorekin, sei bat bizitoki sartzeko aski espazio ukan lezake etxeak. Garai batez, saltegi bat bazen behereko solairuan. Gasnategia ere izana da. Baina azken 45 urte hauetan, ez da nehor bizi. Hautsak ditu txoko guztiak bereganatuak: «Kanpotik itxura ederra du, baina barna, aldiz, anitzez eskasagoa da, Euskal Herriaren errealitatea bezalaxe», Martinek zioenez —bisita gidatua egin zuen—. Etxe huts hori bezala, Saran bertan, etxeen %6,1 dira hutsak, erran nahi baita 80 bat etxe. Eta bigarren egoitzak %21,3, hau da, 400 bat etxe, 2009ko INSEE Frantziako Estatitistika Institutuaren arabera. Sarak 2.300 bat biztanle ditu.
Eztabaida sortzea helburu
Herritarrek etxebizitzak aurkitzeko pairatzen dituzten zailtasunak nabarmendu zituen kolektiboak: «Hautetsiak ez badira orain iratzartzen, Euskal Herria hila da herri gisa», azaldu zuen kolektiboko Aña Andiazabalek.
Ipar Euskal Herriaren «argazki» bat egiten ari da taldea hain zuzen, hainbat elementu kontuan hartuko dituena, etxebizitzaren problema barne. Helburua eztabaida sortzea du: «Hautetsiek proposamen bat atzemateko gurekin batera, edo bakoitzak bere aldetik moldatuko duena».
Ipar Euskal Herriko argazkia osatzen ari dela, kolektiboak uda hau baliatu nahi du zenbait ekintza sinboliko egiteko. Itsasutik Baionara antolatu karabanak, promotoreen eginmoldea salatu, eta agerian utzi nahi izan zuen Miarritzen bigarren etxebizitza kopuru handia dagoela. Heldu den ekitaldia 18rako finkatua du, Itsasun, betiere espekulazioa salatzeko asmoz.
Etxebizitzaren gaiak ez du bakarrik Sara inarrosi asteburu honetan. Donibane Lohizunen ere PLU edo Tokiko Hirigintza Plana berrikusten hasiak direla, ostiralean bilkura publikoa izan zuten. Eta egoitzaren problema mahai gainean agertu zen, bereziki bigarren egoitzena. Izan ere, udalak aurkeztu datuen arabera, 14.232 biztanle eta 12.700 etxebizitza ditu hiriak, eta %40 bigarren egoitzak dira. %15,5 egoitza sozialak dira.
Etxebizitza hutsen arazoa salatu dute Saran
«Euskal etxe tipiko bat» bisitarazi du espekulazioa salatzen duen kolektiboak, «tipikoki hutsa» dena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu