Herritarren eta apaizaren artean ez da giro izan Aizarnan (Zestoa, Gipuzkoa). Apaizetxea herriko elkarte izan dute urteetan Aizarnan, baina beste asmo batzuk ditu Elizak: etxeak egin nahi ditu. Elkartea hutsarazi egin zuen Elizak, eta oraintsu arte ika-mika gogorrak izan ditu herriarekin. Akordio bat egin dute orain: udalak auzoko eskola zaharra berrituko du, eta han izango du egoitza Aitzbarna elkarteak. Hiru bat urteko lana izango da, eta bitartean apaizetxean jarraitu ahalko dute. Orduan hasiko da Eliza etxeak eraikitzen.
Apaizaren eta herritarren arteko ika-mikek 2009an jo zuten goia. Apaizetxea husteko agindu zien erretoreak herritarrei, baina uko egin zioten haiek; etxea aizarnar guztiena dela erantzun zioten apaizari. Gotzaindegiaren babesaz, auzitara jo zuen erretoreak.
Auzotarrak ez ziren epaiketara joan, eta auzitegiak apaizaren alde egin zuen. Ertzaintzak hutsarazi egin zuen Aitzbarna elkartea 2010eko martxoan. Ez ziren orduan bukatu istiluak: bost herritarren kontra salaketa jarri zuen erretoreak, esanda elkartea hustu eta gero berriro sartu zirela. Epaitu zain daude oraindik ere.
Zestoako Udalak 180.000 euro jarri beharko ditu Aizarnako eskola zaharra berritu eta han elkartea jartzeko; 80.000 Europako Batasunetik lortzea espero du. Datorren urtean hasiko dira lanak. Joan deneko 40 urteetan kokaleku izan duen apaizetxea utzi egin beharko du orduan Aitzbarna elkarteak, Elizaren aginduz.
Etxebizitza plana herri erdian
Aizarnan istiluak izan dituzte Elizarekin: herriko elkartea hutsarazi zuen, etxeak egiteko. Udalak lokal bat emango dio elkarteari; Elizak planarekin jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu