Etxebizitza Sindikatuak salatu du Gasteizko Udaltzaingoak bost pertsona etxetik kaleratu dituela gaur, Zapateria kalean. Haren arabera, sindikatuaren esku zegoen etxebizitza bat zen, eta bizilagun horiek urtebete baino gehiago zeramaten hor bizitzen, «beste alternatibarik» ez zutelako.
Sindikatuko kideek aitortu dute aurrez beste saiakera batzuk ere egin dituztela pertsona horiek etxetik kaleratzeko. «Jabeak etxegabetze ilegal bat gauzatzen ahalegindu ziren, eta ondoren epaiketa galdu zuten. Sindikatutik, hainbatetan egin genituen prezio baxuko alokairu bat adosteko ahaleginak, baina jabeak ez zuen onartu». Azkenean, jabeak bigarren prozedura judizial baten ostean lortu zuen bizilagunak etxetik kaleratzeko agindua. «Hau da klase jabedunen jarrera: hobe hutsik proletagoaren beharren zerbitzura baino».
Hala, etxegabetzea «irmoki» salatzearekin batera, sindikatuak ohartarazi du egunero gertatzen direla halakoak. Hala ere, jakinarazi du etxerik gabe gelditu diren bost pertsonei beste bizileku bat lortu dietela, nahiz eta «salbuespena» izan. Beraz, uste dute lehentasuna «antolakuntza komunista» hedatzen jarraitzea izan beharko litzatekeela. «Soilik era horretan bilakatuko dugu salbuespen hau gizarte berri baten arau».