Etxebizitzetan KPIren arabera igo nahi du argindar tarifa Madrilek

Liberalizazioranzko beste pauso bat eman du gobernuak argindarraren enkante bat eratuta

joxerra senar
2006ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Aldaketa haizeak datoz argindar sektorera. Eta aldaketekin prezioen igoera gehiago etorriko dira. Aurten, urtarrilean eta uztailean ezarritako igoerekin, %5,86 garestitu zaie argindarraren faktura bezero guztiei, hala handiei nola txikiei. Datorren urtetik aurrera are gehiago ordaindu beharko dute, baina ez zaie igoera bera ezarriko kontsumitzaile guztiei. Kontsumoaren araberako prezioak ezarriko dira. Kontsumo handieneko enpresetan %10etik gorako igoerak iradoki dira. Etxebizitzetan, berriz, inflazioaren araberako prezio igoera ezartzeko asmoa iragarri du Industria ministerioak.

Merkatu arautuan diren hamabost tarifa motei igoera diferente bat ezarriko zaie, beraz, baina aldaketak ez dira horretara mugatuko. Urtero beharrean, tarifa mota bakoitzaren salneurria hiru hilean behin berrikusiko da, eta nazioarteko prezioei lotuak egongo zaizkie. Horretarako argindarraren enkante bat eratuko du Espainiako Gobernuak, argindar banatzaileek bezeroei hornitzen dieten argindarra eros diezaieten ekoizleei. Enkante horretan ezarritako tarifekin, banatzaileak kontratua lotuko du enpresa ekoizleekin.

Hiru hilean behin gobernuak enkanteko prezioak ofizial egingo ditu. Igoerak gehiegizkoak direla uste badu, ez onartzeko aukera izango du.2011n etorri beharreko liberalizazio osoaren aurreko pausoa da, eta xedea da argindarrak tarifaren eta kostuaren arteko erlazioa islatzea. Industria kexu da kostu azpitik ekoizten omen duelako.

Nahiz eta oraindik Espainiako Gobernuaren asmoak ez diren erabat egiaztatu, Industria ministerioak proposamen bat igorri berri dio CNE Espainiako Energiaren Batzordeari, atzo Cinco Dias -ek atzoargitaratu zuenez.

Defizit elektrikoa,

misterio handi

hori

Argindar sektoreak dio Espainiako Gobernuakezarri ohi duen tarifaeurei ekoizteak sortzen dien kostua baino txikiago delaJ.S

Iruñea

Iker Jimenez misterio kasuen esatari gasteiztarrarentzako aproposa izan daitekeen paradoxa sortzen du Espainiako argindar sektoreak gaur egun. Sektoreko enpresa handiak kexudira aspalditik argindarra sortzea Espainiako Gobernuak ezartzen duen tarifa baino merkeagoa delako. Hots, kostuen azpitik ekoizten dutela. Urtez urte, handitzen ari den zulo horri defizit elektrikoa deitzen diote, eta gaur egun, 2.559 milioi eurokoa dela diote.

Endesa eta Iberdrola ei dira bi konpainia kaltetuenak. 2.559 milioi euroko defizitetik %44(1.130 milioi euro) Endesari dagokio, eta beste 896 milioi Iberdrolari (%35). Gero Union Fenosa eta HidroCantabrico daude 329 eta 156 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

Hori irakurri bezain laster, ateratzen zaizkio hamaika galdera kaleko hiritar soilari. Argindarrarena negozio errentagarria ez bada, zergatik irabazi ditu Iberdrolak 1.236 milioi urtarriletik irailera eta Endesak beste 2.508 milioi? Zergatik ditu Iberdrolak Scottish Power erosteko asmoak eta E.ON alemaniarrak Endesa erosteko irrikitan dago? Urtez urte, gainera, irabaziak bata bestearen atzetik pilatzen ari dira argindar konpainiok.

Iberdrolaren emaitzei erreparatuta, adibidez, irailera arte Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuan argindarra ekoiztetik fakturatutako dirua %43 handitu da, eta marjin gordina -diru sarrera eta eskainitako zerbitzuaren kostuaren arteko aldea- %53 hobetu da. Alde hori 1.953 milioi eurokoa da.

Misterio hori ez da argitu, ordea.Argindar konpainiek argudiatzen dute argindarra ekoizteko merkatuan (pool izenekoa) kilowatt orduko prezioa 6,49 eurokoa dela eta Espainiako Gobernuak ezarritakoa 4,235 eurokoa. Hortik ondorioztatu daiteke, agian, defizit elektriko hori egongo ez balitz argindar konpainiek -batez ere Endesak eta Iberdrolak- are diru gehiago irabaziko luketela.

Espainiako Gobernuaren egitasmoa, dena den, defizit hori estaltzea da. Enkante hori sortuta, argindar konpainiei tarifa kostuekin ezkontzeko aukera emango die. Nahiz eta Espainiako Gobernuak muga bat ezartzeko aukera izango duen, enkante horretako prezioek ezarriko dute azken tarifa -betiere exekutiboak hiru hilean behin berretsita eta berrikusita-.

Funtsean, liberalizazioranzko pausoa emango da 2007an, baina ez dagoena argi da horrek lehia aske gehiago ekarriko ote duten, defizit elektrikoaz kexu diren enpresa horiek beraiek kontrolatzen dutelako merkatua. Gobernuak dio enkante sistema horrek argindarra hornitzeko banatzaileak erakarriko dituela, baina hori ikusteko dago, merkatuan handiak baitira errege. Ortzemugan 2011 urtea dago: Europako Batasunak aginduta, ordurako araututakomerkatuak desagertua egon beharko du. Dena den, etxebizitzekin eta enpresa txikiekin salbuespena egitea espero du Madrilek.

Gobernuaren asmoak

Tarifak hiru hilean behin berrikusiko dira Oraindik Espainiako Gobernuak ez du zehatz-mehatz esan zer neurri ezarriko dituen, baina datorren urtera begira dituen asmoen berri jakinarazi du:

Amaitu dira batez besteko tarifak. Orain arte urtarrilero batez besteko tarifa zenbatekoa zen ezarri ohi zuen Espainiako Gobernuak araututako merkatuan. Portzentaje bat igo edo jaitsi, eta kito. Hemendik aurrera gauzak zaildu egingo zaizkie kontsumitzaile mota ezberdinei. Merkatu arautuan 15 tarifa mota daude, eta bakoitzak gora edo behera egingo du nazioarteko prezioen joeraren arabera. Hemendik aurrera, beraz, petrolioaren prezioak (eta gasarenak) erregaiari ez ezik, argindar tarifari ere eragingo dio.

Berrikusketa hiru hilean behin. Eta nahiko azkar eragingo dio gainera. Espainiako Gobernuak normalean urtero ezarri ohi zuen prezioa. Hemendik aurrera tarifak hiru hilean behin berrikusiko dira.

Igoera, erabat argitu gabe. Komunikabideek argitaratu dutenez azken egunetan, merkatu arautuan batez beste tarifak %4 eta %7,7 artean igoko ditu. Dena den, atzo, Cinco Dias egunkariak zioen Industria ministerioaren arabera batez beste %10etik gora igoko dela. Oraindik ez da ziurtatu.

Igoera mailakatua. Hori, ordea, batez bestekoa da. Espainiako Gobernuak kontsumoaren araberako prezioak ezarriko ditu. Hots, kontuan izanik 200 enpresa inguruksoilik argindar kontsumoaren %18 inguru behar dutela batez ere horiei ezarriko die igoerarik handiena. Etxebizitzei, aldiz, Kontsumo Prezio Indizearen arabera igoko diela jakinarazi du. Era berean, etxebizitzetan, zenbat eta gehiago kontsumitu, orduan eta gehiago gastatzeko sistema ere ezarri nahi dute, energia aurreztea bultzatzeko.

Tarifa soziala. Tarifa motetako bat tarifa soziala da. Egun, baina, oso kontsumitzaile gutxi ditu, potentzia oso txikia (770 watt) duelako. Potentzia hori handitu nahi da, kontsumitzaile gehiagok aukeratu dezaten. Prezioak ere merkeagoak dira.

DAtua

18,57 Agur argindar merkeari. PP Espainiako Gobernuan zenean, argindar merkatu arautuan tarifak jaisteko politikari heldu zion. 1997tik 2003ra bitartean %18,57 merkatu zen batez beste argindarra. Geroztik %10,94 garestitu da.

Argindar eskaria. Argindarraren merkatzeak eskaria nabarmen igoarazi du Hego Euskal Herrian. REEren arabera, 1999tik hona %40,3 igo da kontsumoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.