Etxegabetze ugari egiten direla salatu du Aldak
Etxejabeak bizitegia berreskuratu edo saldu nahi badu, alokairu kontratua eteten diete urtero herritar andanari

BAIONA. 2019. urtean, 302 prozedura izan ziren Baionako Auzitegian alokairua eten ondotik bizitegia utzi ez zuten maizterren kontra. «Horiek dira auzitara iritsi diren kasuak, baina kanporatze agindua jasotzen duten anitzek besterik gabe uzten dute bizitegia», esplikatu du Xebax Christy Alda-ko bozeramaileak. Etxejabeak bizitegia berreskuratu edo saldu nahi duelako, alokairu kontratua eteten diete urtero herritar andanari, eta aterabiderik gabe gelditzen dira. Azken bi urteetan, astero jasotzen dituzte halako egoera baten biktima diren herritarrak. Batzuetan, kanporatze agindua bertan behera uztea lortzen dute, eta, beste batzuetan, beste bizitegi bat lortzen laguntzen dituzte». Ekintza bat egin zuten atzo Baiona iparraldeko langile auzo batean, eta bizitegia saldu ondotik bigarren etxebizitza bilakatu den kanporatze baten kasua erakutsi zuten. Aldaren iritziz, Ipar Euskal Herriko etxebizitza krisiaren erakusgarri da fenomenoa. Neurriak hartzeko eskatu dio Aldak Frantziako Estatuko administrazioari kanporatze horiek mugatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu