Uztailaren 3an hartu zuen Joseba Segura Etxezarragak (Bilbo, 1958) Bilboko gotzain kargua. Aurretik, bikario nagusi izan da lehenengo, eta gotzain laguntzaile gero. Lehenago, 2006tik, 11 urte egin zituen Ekuadorren, misiolari. Itzuleran, ez du berritasun handirik nabaritu Bilboko Elizbarrutian: «Lehendik ikusita nituen joera batzuk baieztatzen ari dira: batez ere, fedea gizartera zabaltzeko dugun zailtasuna. Horretarako izango dugun gaitasunak baldintzatuko du Elizaren etorkizuna. Halere, Europako errealitatea da hori, hemen Jainkoak garrantzitsu izateari utzi diolako. Beste kontinenteetan, berriz, fedea sendo dago, hazten. Gurean eraldaketa handia dator, eta azkar gertatuko da datozen urteetan».
Aldaketa garai betean, norantz doa Bizkaiko Eliza?
Txikiagoa izango da; eukaristia izango du muinean, eta bere tradizio eta errituak mantenduko ditu. Horrez gain, espero dut gaitasun handiagoa izango duela jendearentzat interesgarriak diren gauzak esateko. Beste era batera egin beharko dugu berba. Jendeari frogatu beharko diogu guretzat mezu garrantzitsua den hori haientzat ere badela. Gaur egun, neurri batean, jendeak ulertuko duen hizkuntza erabiltzeko zailtasunak ditugu.
Kargua hartu zenuen mezako homilian dei egin zenuen Elizaren “aginpide morala” berreskuratzera. Zer aginpide da hori?
Jesu Kristok ez zuen hedabiderik edo botererik, baina aginpidez hitz egiten zuen, esaten zuena berak bizi zuelako. Ez zen hau esan eta bestea egiten zutenetakoa; hori egiten duenak ez du aginpiderik. Jendeak ikusi behar du esaten duzun hori garrantzitsua dela, zuk zeuk horrela bizi duzulako. Batzuen ustez aginpide hori falta du Elizak, askotan gauza bat esan eta bestea egiten duelako. Hori gertatzen da Elizan gauza asko ez direlako ondo egin. Era berean, erakundeak auzitan jartzeko joera gero eta handiagoa da. Hor ere badugu erronka, baina kontuz lehenago Elizak izan duen aginpidearekin nahastu gabe, non aginte politikoak lagundu izan duen. Hori beste batzuek emandako aginpidea da, eta okerra da.
Elizak aginte politikoarekin duen harremana aipatu duzu. PSOEk iragarri du egunotan Espainiako Estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko 1979ko konkordatua berrikusi nahi duela. Zure ustez, nolakoa izan beharko luke akordio berri batek?
Ikusi beharko litzateke [Espainiako] Gobernuak zelako akordioa egin nahi duen. Duela urte asko egindako konkordatua dugu indarrean, eta ez dakit zelako bilakaera izan dezakeen. Kontuan hartu behar da Elizaren presentzia publikoa zein den. Ez dira berdinak Espainiako eta Frantziako errealitateak. Frantziak historia errepublikano eta laiko luzea du. Espainian, berriz, Eliza Katolikoak presentzia handia izan du betidanik. Euskal herritarrak duela bi belaunaldi mundu osoan ibili ziren misiolari. Gure gizartearen eta jendearen bizitzako oso arlo garrantzitsua izan da fedea, eta hori ezin da ahaztu edo desagerrarazi. Egia da ez garela itzuliko duela bi belaunaldi izandako egoera hartara, baina kontuan hartu behar da. Herriaren nortasunaren parte da.
Abortuaren legea, hezkuntzakoa, eutanasiarena, transexualena… Elizak sarritan talka egiten du gizartearen gehiengoak aukeratutako agintaritza politiko horren erabakiekin.
Elizak bere planteamendua du, baina ezin du inor behartu bere ikuspegiarekin bat egitera. Elizak parlamentu demokratikoak egindako legeak errespetatu behar ditu. Baina, era berean, ez ditu zertan planteamendu horiek onartu. Adibidez, ez du sekula eutanasia onartuko; ez du onartuko ondo hiltzeko modu bakarra une jakin batean bizitza kentzea denik. Guk ez dugu sufrimendua defendatzen, baina badaude hura arintzeko beste modu batzuk. Lege horiei legitimitate osoa aitortzen diegu, baina ez ditugu gure egiten. Azken batean, hori da sentsibilitate eta pentsamolde ezberdinen arteko elkarbizitza demokratikoa.
Pandemian Elizak egin duen lan soziala eskertu du Jaurlaritzak. Gertutik ezagutu duzue osasun larrialdiak gizartean duen eragina. Zuk zelan ikusten duzu?
Ez da erraza jakitea honek zer bilakaera izango duen, ez dakigulako pandemia noiz bukatuko den. Pandemiaz gain, mundua kolpe handiak jasotzen ari da. Horien artean, auzi ekologikoa funtsezkoa da. Planetaren berotze prozesua uste baino azkarragoa da, eta kalteak nabaritzen hasi gara. Gazteen etorkizuna ere hor dago: kezkatzen nau, ez dakigulako bilakaera ekonomikoa zein izango den. Nire aitak hiru urtetan kamioiarekin irabazitakoarekin erosi zuen etxea. Gaurko gazteentzat hori ez da posible. Oso gaitza dute egonkortasuna lortzea. Pandemiak are ezegonkorrago bihurtu du mundua. Alde onik topatzekotan, hilabeteotan frogatu dugu kristau komunitateak baduela horrelako egoerei aurre egiteko gaitasuna. Ikusi dugu jende askok boluntariotza lana indartu duela; gazteek, bereziki. Adinekoen artean beldur handia ikusi dut, haiek izan direlako arrisku handiena izan dutenak. Izugarria da sufritzen duten bakardadea. Suedian, 1970ean maitasunaren inguruko teoria bat hedatu zen: «Egiazko maitasuna konpromisorik gabea da, pertsonen erabateko independentzia bermatzen duena». 2021ean, suediar helduen erdia erabateko bakardadean bizi da. Hori da gurean nahi dugun etorkizuna?
Carlos Agiriano [Bilboko Elizbarrutiaren etxe batean bizi da] etxegabetzeko agindu du gaur [astelehenean] epaileak. Badago akordiorako aukerarik?
Elizak hainbat pisu ditu, eta asko daude Eusko Jaurlaritzari lotuta, erabilera soziala emateko. Caritasek Eguzkilore fundazioa sortu du, besteak beste, baliabideen errentagarritasun soziala bermatzeko. Guk ez dugu irabazi asmorik. Baina ditugun baliabideak, pisuak kasu honetan, egoera duin batean mantendu behar ditugu, eta horrek kostu bat du. Min ematen dit kontu honetan Caritasen lana auzitan jarri dutela ikusteak, baina ez naiz hasiko egotzi zaizkigunak gezurtatzen. Bilatu zuk zein den egia. Ni ez naiz Carlosekin eztabaidan hasiko. Galdetu didazu ea akordiorako aukerarik dagoen. Noski. Badu Carlosek legezko oinarririk bere jarrera defendatzeko? Ez. Baina niretzat garrantzitsuena ez da epaileak esaten duena. Denbora guztian berbetan ibili gara, eta jarraituko dugu. Sinets iezadazu horrela izango dela. Ez dakit zein konponbide topatuko dugun.
Iruñeko artzapezpikua sexu abusuen biktimekin bildu da oraintsu. Bilboko Elizbarrutian badago biktimen mina aitortzeko asmorik?
Konpromisoa hartua dut, eta horrela egingo dut: abusu baten berri iristen denean, biktimekin bilduko naiz, eta oso serio hartuko ditut. Sinesgarritasun osoa emango diet, uste dudalako horrelako salaketa bat asmatzea ezinezkoa dela. Nire bizitza osoan, Ameriketan eta hemen, biktimen ondoan egon naiz. Ez dut ekitaldi publikorik egingo, ez bada biktimek eurek eskatzen dutelako. Neure kasa ez dut antolatuko, gure irudia garbitzeko zerbait bihurtu daitekeela uste dudalako, eta hori ez da nire asmoa. Nire zeregina ez da erakundearen izen ona gordetzea. Gotzaindegi hau beti zabal-zabalik dago biktimentzat. Abusatzaileak bere ekintzen erantzule izan beharko du. Duela pare bat urte, bikario nagusi nintzela, abusu kasu bat izan genuen elizbarrutian, eta orain arte jokatu ez genuen moduan jokatu genuen: gertatutakoa jakin genuenean, geuk salatu genuen, eta geuk ipini genituen hedabideak jakinaren gainean. Aurrerantzean ere horrela izango da.
Elizbarrutiaren egoitza bakarra izango den Bizkeliza Etxearen obrak hasi dira, Bilboko Abando auzoan. Han ere gatazka duzue bizilagunekin eta Cervantes eskolako guraso elkartearekin.
Guraso elkarteak legitimoki obraren aurkako bandera jaso du. Baina guri harremana eskolako zuzendaritzarekin izatea dagokigu, eta haiekin ez dugu gatazkarik. Bizilagunekin ere badaude talkak, baina ohikoa izaten da obrak egiten direnean. Normala da bizi zaren ingurua aldatzera doazenean ezinegona sentitzea. Uste dute aldaketak ez direla onuragarriak izango, eta errespetatu egin behar da haien iritzia.
Bilboko Santiago katedralaren elizpea zabaltzeko eskatzen dizue Zazpikaleetako herritar talde batek. Ezin daiteke?
Katedralaren inguruko bizilagunen artean galdetuz gero, esango nuke ez irekitzearen aldekoak gehiago izango liratekeela. Osasun publikoarentzako arazo larria zelako zarratu zen. Katedraleko harria ahula da, hareharria da; ezin daiteke garbitu ura presio handiarekin erabilita. Ikusi genuen zarratzea zela konponbidea. Udalarekin batera hartu zen erabakia, eta, orain ere, ez zabaltzea aholkatu du. Mujika eskolako umeek erabiltzen dute jolas orduetan. Egoitza bateratuan ere partekatuko dugu erabilera: Gotzaindegiaz gain, han egongo da BAM [Begoñako Andra Mari] magisteritza eskola ere, eta aspaldi esan nuen gustatuko litzaidakeela magisteritza eskolak izango duen kiroldegia Cervanteseko umeek ere erabiltzea, unibertsitatekoek behar ez dutenean. Eraikinari arkupeko atari handi bat ere egingo zaio, eta Cervantes eskolako umeek erabiliko dute.