Euskal Presoak

Etxerat: "Asteburuan 900 senidek espetxeetara bidaiatu behar izatea erabaki politiko bat da"

Iñaki Imaz presoari eraso egin diote Estremerako espetxean, elkarteak jakinarazi duenez.

Presoen senideen agerraldia, Gasteizen. BERRIA
edurne begiristain
2015eko otsailaren 6a
12:38
Entzun

Etxerat elkarteak agerraldia egin du goizean Gasteizen, sakabanaketa politika salatzeko. Kalean egin du agerraldia, gasolindegi batean. Modu horretan irudikatu nahi izan du presoen senideek astebururo pairatu behar izaten duten "zigorra". Izan ere, asteburu honetan euskal presoen senideek berriro egingo dituzte milaka kilometro euren hurkoak bisitatzeko. Etxerat-ek jakinarazi duenez, 900 lagun aterako dira Espainiako eta Frantziako errepideetara gaurtik igandera bitartean. Hotza, elurra, izotza eta euria iragarrita dago bazter guztietan, baina presoen senideak bidaia luzeak egitera “behartuta” daudela salatu du Etxerat-ek. “Mendekuaren eta erabaki politiko baten ondorioa” da egoera hori, elkarteak dioenez.

Asteburuan errepidean jazotzen diren inzidentzia guztien berri emateko eskatu die Etxerat-ek presoen senideei. Horretarako, bi helbide jarri ditu: [email protected] eta [email protected].  Era berean, sare sozialetan sakabaneta salatzeko #DispertsioaSTOP eta @BSQsHumanRights traolak erabiltzera deitu ditu herritarrak.

Etxerat-ek emandako datuen arabera, egun 461 euskal preso daude, eta horietatik soilik lau Euskal Herriko espetxeetan. Presoen %76 500 eta 1.100 kilometro artean daude sakabanatuta. Aurten 26 urte beteko ditu sakabanaketa politikak, eta elkarteak gogoratu du hamasei lagun hil direla politika horren ondorioz. Joan den urtean hamar istripu izan ziren. Hala ere, alderdi politikoek ez dutela ezer egin salatu du elkarteak: "Non daude istripu hauen aurrean alderdi politikoen hitzak?".

Bestetik, elkarteak jakinarazi du atzo Iñaki Imaz preso donostiarrari eraso egin ziola beste preso batek Estremerako espetxean, patiora atera behar zuenean. Patioan ez zegoen zaindaririk, eta Imazi hainbat puntu eman behar izan zizkioten.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.