Berritasun bat da: Etxerat euskal presoen eta iheslarien senideen elkarteko ordezkaritza bat Fernando Buesa fundazioaren Biktimak eta espetxe politika: gakoak, esperientziak eta etorkizuneko erronkak jardunaldietan da gaur, Gasteizen, entzule modura. Patricia Velez eta Gorka Garcia Sertucha dira bertan dauden Etxetarako kideak.
Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak balioa eman dio Etxeraten pausoari, eta "elkarbizitza eraikitzeko" neurritzat jo du.
XVI. jardunaldia du Buesa fundazioak —gaur eta bihar egingo dute—, eta goizetik ari dira hitzaldi eta bestelako saioekin, Arabako Lurralde Historikoaren Agiritegian. "ETAren behin betiko amaieraren osteko espetxe politikak" nolakoa behar duen eztabaidatuko dute, "auzi konplexua" izan arren.
Irekiera ekitaldian, Fernando Buesa zenaren —ETAk hil zuen, 2000an— alaba Sarak esan du biktimen erreparaziorako behar dutela ETAko kide izan diren presoen autokritika. "Aitortu behar dute egindakoa izugarrizko hutsegitea izan zela". Haren ustez, presoek ildo horretan mezu "argiak eta tinkoak" egiten badituzte, biktima gehiago leudeke haien "gizarteratzea" babestuko luketenak.
Juan Infante abokatuak azaldu du ETA pm-k desegitea erabaki zuenean —1980ko hamarkada hasieran—, Espainiako Estatuaren laguntza izan zutela hango kideek gizarteratzeko.
Arratsaldean Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako epailea hizlari ariko da, Espainiako espetxe politikaren xedea eta baliabideak saioan. Bihar, besteak beste, Langraiz bidea jorratuko dute.