Etxerat euskal preso eta iheslarien senideen elkarteak espetxe politika aldatzeko eskaera egin du berriro, Hernanin (Gipuzkoa), prentsaurreko jendetsu batean, eta Urtzi Errazkin eledunak esan du ETAren desegitearen ondoren ez dagoela "aitzakiarik" aldaketa hori emateko. "Gaur egun, ETA desegin ondoren, ez dago aitzakiarik inola ere zuritu ezin dena zuritzeko. Eskubideak urratzen dituen salbuespenezko espetxe politikak ezin du minutu bakar bat gehiago ere iraun, sakabanaketaren oinarria mendekua baizik ez baita".
Presoen urrunketa bukatzeko eskaera egin du Etxerat-ek, baita larri gaixorik dauden presoak askatzeko, gradu aldaketa bideratzeko eta zigorrak batzeko ere. "Ez gaude onurez hizketan, ez sari, opari eta trukeko ezertaz. Eskubideez eta horien urraketen ondorio lazgarriez hitz egiten dugu".
Espetxe politika "estatu politika" dela deritzo elkarteak, eta, beraz, aldatzeko erabakia ere, eskubideen inguruan legedia betetzeko, politikoa izan behar dela. Espainiako Estatuak lehengoan jarraitzen du, Errazkinek Etxerat-en izenean adierazi duenez. "Sakabanaketa ETAren desagerpena lortzeko indar neurri eta txantaia gisa beharrezkoa zela esaten zen: helburu hau lortzeko baliabide guztiak egokiak omen ziren. ETA desagertuz gero, sakabanaketa bertan behera geldituko zela adierazi zuten, eta norbaitek data eta ordua ere zehaztu zituen: ETA desagertu eta handik 48 ordura sakabanaketa indargabetuko lukete".
Indar politikoei, erakundeei, Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari "bide berri eta zail honetan aurrera egiteko sendotasuna" eskatu "eta gizarte zibilaren lana babestea" exijitu die. "Euskal gizarteak egoera hau gainditu nahi du".
Aintzat hartu du Eusko Legebiltzarrak asteon ere urrunketa amaitzeko eskatu izana, eta Errazkinek adierazi du Espainiako Gobernuko alderdiaren EAEko adarrak ere babestu duela eskaera hori: PSE-EEk.
Presorik gabeko sanferminak aldarrikatuko dituzte uztailaren 4an, Iruñean
Uztailaren 4rako manifestaziorako deia egin du Kalera Kalerak, eta duela 40 urte Iruñeko zezen plazan zabaldutako pankartak zeukan leloa jarri diote: Bada garaia, San Fermin sin presos ni presas (Bada garaia, sanferminak presorik gabe). Pankarta hura zabaldu ostean hil zuen Espainiako Polizia Armatuak German Rodriguez.
40 urtean aldarrikapena ez dela aldatu ohartarazi dute gaur Iruñean, zezen plazaren atarian eman duten prentsaurrekoan. Orduko sanferminetan euskal presoen etxeratzea eskatu zuten zezen plazan irekitako pankarta batekin, eta gogor ekin zion Poliziak.
Aldarrikapenak bere horretan jarraitzen duela ohartarazi dute Ikerne Indakoetxea eta Jorge Olaiz preso ohiek: "Ehunka lagunek preso jarraitzen dute euren etxeetatik ehunka kilometrora, eta haien senitarteko eta lagunak behartuta daude milaka kilometro egitera bisitatzeko". Funtsean aldarrikapena mantendu egin den arren, 40 urtean herritar gehiagorengana zabaldu dela uste dute: "Iruñeko eta Nafarroa osoko kaleetan preso eta errefuxiatuak etxeratzeko borroka etengabe zabaldu da".
Urte horietan guztietan egoera asko aldatu dela ekarri dute gogora Iruñerriko Kalera Kalera mugimenduko kideek, eta gogora ekarri ETA deseginda dagoela jada. Beraz, presoen gaia konpontzeak lehentasuna duela adierazi dute, eta horregatik, kalera ateratzeko deia egin dute, uztailaren 4an 19:00etan autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko.