Euskal gizartea mobilizazioetara deitzeaz aparte, sakabanaketak senitartekoak "bizitza arriskuan jartzera behartzen" dituela salatu du gaur Etxerat-ek. Nabarmendu dute presoen sakabanaketa eta haren ondorioak ez direla senitartekoen erantzukizuna, "ezarri" egiten dieten "behar bat" baizik. Modu horretan, "gogor kritikatu" dituzte Angel Yuste Espainiako Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiak ekainaren 25ean Espainiako Kongresuan eginiko adierazpenak. Sakabanaketaren ondorioz gertatzen diren errepide istripuen erantzukizuna presoak bisitatzera doazenena dela esan zuen orduan Yustek.
"Egun, 599 preso politiko 79 espetxetan sakabanatuta daude, Euskal Herrian soilik hamar daudelarik. Preso kopuru handiena etxetik 800-900 kilometrotara dago, eta, ondorioz, 1.300 kilometro inguru egin behar izaten ditugu astebururo", azaldu du Etxerat-ek. Sakabanaketa horrek "tentsioa eta neke izugarria" eragiten duela jakinarazi dute, "izugarrizko" ondorio psikologikoekin batera. "Ondorioak askotarikoak izan daitezke", diote, " baina lazgarriena heriotza da". Ildo horretan, errepideetan "jada" hamasei senidek eta lagunek bizitza galdu dutela oroitarazi dute.
Sakabanaketak eragiten dituen beste ondorioekin jarraiki, ekonomikoa ere azaldu dute. Etxerat-ek adierazi duenaren arabera, astebururo "batez beste 377,94 euroko kostua" ekartzen dio familia bakoitzari; urtean, 19.653 euro.