Irak

Etxeratze-agindua ezarri dute Dialan, eta trafikoa galarazi Bagdaden eta Bakuban

Irakeko Lehen ministro Nuri Al Malikik Diala herrialde osoan etxeratze-agindua ezarri du, hain justu Abu Musab Al Zarkaui hil zuten lekuan, eta trafikoa debekatu Bakuban eta Iraken. Al Kaedakoek atentaturen bat egiteko arriskua saihestu nahian hartu dituzte neurriok, Irakeko Gobernuak Al Irakia telebistaren bitartez zabaldu duen oharraren arabera. Omar talibanen buruak, berriz, hilketa honek ez duela "gurutzatuen kontrako borroka" ahultzen ohartarazi du.

2006ko ekainaren 9a
11:13
Entzun
"Indar Armatuen komandante naizen aldetik trafikoa debekatzen dut 11:00etatik15:00etara Bakuban eta Bagdaden", esan du Nuri Al Maliki Irakeko Lehen ministroak Al Irakia telebistaren bitartez. Etxeratze-aginduak, berriz, ez du eperik. "Egoera lasaitu arte" izango da. Abu Musab Al Zarkauiren hilketaren ostean haren jarraitzaileek atentaturen bat egiteko beldur direla-eta hartu dute neurri hori Al Malikiren arabera.

Ustez Omar talibanen buruarena den ohar bat jaso du kazetari batek, eta hartan dio "oso triste" dagoela Al Zarkauik jasandako martirioagatik, baina haren heriotzak ez duela Iraken erresistentzia ahulduko ohartarazui du "edozein gazte bilaka daitekeelako Al Zarkaui".

Omar 2001az geroztik aldeginda dago, eta Afganistan hegoaldean edo Afganistanen eta Pakistanen arteko mugan dagoela uste dute.

Horrez gainera, Abu Musab Al Zarkaui bere lagunek traizionatu zutela zabaldu dute iturri militarrek. Atzo beste zazpi lagunekin batera hil zuten Al Zarkaui Al Kaedako burua AEBetako okupazio indarrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.