ETXEBIZITZA

Etxerik gabeko pertsona bat hil dela salatu du Gasteizko etxebizitza eskubidearen aldeko taldeak

Taldeko kideen arabera, administrazioak «ez ikusiarena» egiten dio egoerari, eta adierazi du etxerik gabeko pertsonen eskubideak eta duintasuna aitortu behar direla.

'Gasteizen inor ez kale gorrian' ekimena egin zuten iaz. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 19a
12:26
Entzun

Etxebizitza eskubidearen aldeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako Gasteizko taldeak salatu du etxerik gabeko pertsona bat hil dela. Joan den asteazkenean, 42 urteko gasteiztar bat hilda agertu zen, Gasteizko Udalak etxerik gabekoak artatzeko prestatua duen leku batean; Lakuako frontoian, hain zuzen. Taldeko kideek azaldu dutenez, administrazioak «ez ikusiarena egiten dio egoera tamalgarri horri», eta ez dituzte pertsona guztien beharrak bermatzen. Herritarrei ere begirada zabaltzeko dei egin diete, etxerik gabeko pertsonak «ikusezin» bihur ez daitezen.

Norbanakoek, gizarte mugimenduek eta sindikatuek osatzen dute taldea, eta adierazi dute egungo euskal gizarteak oraindik ez duela gainditu bazterkeriaren egoerarik «gogorrena»; kalean bizitzea eta etxerik ez izatea, alegia. «Bizi garen sistema sozioekonomiko honek egiturazko fenomenoa du gizarte bazterketa, eta modu larrian eta goranzkoan erreproduzitzen da», azaldu dute. Horregatik, etxerik ez duten pertsonengan ez ezik, arreta jarri dute instituzioen jokabidean ere: «Ez al dago gaitasunik gure lurraldean ehun pertsona baino gehixeagori baliabideak emateko, aurrerantzean prekaritaterik okerrenean egon ez daitezen?». Hala, dei egin die Gasteizko Udalari eta Arabako Foru Aldundiari, eta eskatu die ahalegin guztiak egiteko eta etxebizitza eskubidea bermatzeko.

Kideen arabera, pertsona gisa aitortu behar dira etxerik gabeko norbanakoak, eta beren eskubideak eta duintasuna aitortu behar dira. Euskal gizarteari ere eskaera bat egin diote: «Inoiz gertatu behar ez lukeen, ikusi nahi ez dugun baina gertatzen ari den egoeraren salaketarekin bat egitea eskatzen dugu».

Artatutako pertsonak

Taldeak eskainitako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.000 pertsona inguruk ez daukate etxerik. Haietako batzuk gizarte zerbitzuetan artatzen dituzte. Gasteizko Udalak emandako eta egitasmoak baieztatutako datuen arabera, orain astebete 54 pertsona ari ziren artatzen hirian egokituta dauzkaten bi espazioetan: Lakuako frontoian eta Pio Barojako gimnasioan. Hala ere, ohartarazi dute pertsona horiez gain badirela egoitza zerbitzuetan edo gutxieneko baldintza gomendagarriak betetzen ez dituzten etxeetan bizi diren herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.